Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Oskar Matute: 'Bilduk ez du nahi amnesian oinarritutako prozesu bat'

Alternatibaren bozeramailearen ustez, Martin Garitanok Katalunian bertako ETAren biktimen inguruan esandakoa 'aurrerapauso' adierazgarritzat hartu zuten, hasiera batean, polemika hasi aurretik.

Oskar Matutek Bilduren indarkeriaren aurkako konpromisoa azpimarratu du. Argazkia: Radio Euskadi
Oskar Matutek Bilduren indarkeriaren aurkako konpromisoa azpimarratu du. Argazkia: Radio Euskadi
Oskar Matute: 'Bilduk ez du nahi amnesian oinarritutako prozesu bat'

02:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oskar Matutek, Bildu osatzen duen Alternatibaren bozeramaileak, koalizioak amnesian oinarritutako prozesu bat, Euskadin bizi izandakoa ahazten duena, ez duela nahi azpimarratu du Radio Euskadin. Elkarrizketa batean, Matutek hitz egin du, halaber, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Katalunian ostiralean esandakoaren inguruan, ETAk lurralde horretan egindako atentatuei buruz; Alternatibaren bozeramailearen ustez, polemika sortu duten adierazpen hauek, hasiera batean, aurrerapauso 'adierazgarritzat' hartu zuten, gainerako alderdiek Bilduri eskatzen diotenaren barnean (ETAren historia gaitzestea). Garitanoren asmoa ez zen Kataluniatik kanpoko biktimak gutxiestea, Matutek zehaztu duenez.

Oskar Matuteren iritziz, garrantzitsuena ez da Bilduk zorroztasun handiagoa erakustea ETA eta horren iragana gaitzestean, baizik eta koalizioak ikustea indarkeriak gaiztakeria baino ez duela ekartzen. Ildo honetan, Bilduk biolentziak markatu duen garai bat demokraziaz gainditzeko duen konpromisoa nabarmendu du, "ahaztu gabe" eta "errezelik jarri gabe". Alternatibak, Matutek gogoratu duenez, indarkeria desagertzea eskatzen du. "Nahi dudana -azaldu duenez- zera da: hemendik bost urtera hau dena gainditze-bide izango balitz bezala ikustea". Bildu ere, Matuteren hitzetan, bide horretan dago sartuta. "Gure kargu publiko guztiek biolentziaren aurka sinatu dute", gehitu du, eta, gainera, aipatu duenez, Gernikako Akordioa (Bilduk hori ere du sinatuta) oso argia da.

Alternatibaren bozeramaileak badaki, baieztatu duenez, Bildu arretaz begiratzen ari direla, eta uste du alderdi batzuek "jaurtitzeko arma" balitz bezala ari direla erabiltzen koalizioa, fronteak sortzeko asmoarekin. Bere ustez, jarrera horiekin hamar urte lehenago kokatzen dira alderdi horiek.

Bilera "positiboa" Aralarrekin

Azaroaren 20ko hauteskunde orokorrei begira Bildu alderdi gehiagok osatzeko aukeraz hitz egitean, Matutek esan du Aralarrekin izandako bilera "positiboa" izan dela: "Adostasuna adostasunik eza baino handiagoa izan da", nabarmendu du. Matutek zehaztu du Bilduren nahia indarrak gehitzea eta koalizioa zabaltzea dela, eta esan du ez dutela erantzunik jaso, oraindik, EAJtik, elkarrekin lan egiteko proposamenaren inguruan. Dena dela, eta EAJren kide batzuek esandakoa kontuan hartuta, badirudi, Matuteren ustez, erantzuna ez dela baiezkoa izango.

Oskar Matutek, halaber, baieztatu du Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen eredua ez datorrela bat Bilduk egiten duen apustuarekin: udal guztiak biltzen dituen nazio-erakunde bat. Nolanahi ere, koalizioaren jarrera "itxia" ez dela aipatu du. Azkenean, Alternatibaren bozeramaileak Ezker Batuaren hausnarketa-prozesua errespetu handiz ikusten duela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea