Politika -

Polemika

Ezker abertzaleak biktimak politikoki erabiltzea salatu du

Horren arabera, PPk eta PSOEk "biktimak politikoki erabiltzen dituzte, Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko pausoak egiterakoan ekimen politikoen falta ezkutatzeko".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk eta PSOEk "gatazkaren biktimen mina politikoki erabiltzea eta tresna bihurtzea" salatu du gaur ezker abertzaleak.

PSOEko eta PPko buruzagiek, besteak beste, azken egunotan Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari egindako kritiken harian, talde horrek komunikatu bat kaleratu du, ETAk Katalunian egindako atentatuak "akats larria" izan zirela eta ezker abertzaleak autonomia erkidego horretako biktimei "errespetu berezia" zor diela esan eta gero sortu diren kritiken aurrean.

Batasuna zenaren ustez, PSOEk eta PPk "biktimak erabiltzen dituzte euren ekimen politiko falta ezkutatzeko, Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko pausoak egiterakoan".

"Ezker abertzalearen militantziaren eta sektore herrikoien esfortzu etengabeari esker ari gara udara lasai bat pasatzen, politikarien menpe dauden polizien eraso eta probokazioak izan arren".

Horien ustez, "ez PSOE ez PP ez daude inori kontuak eskatzeko moduan, Gernikako Itunean Euskal Herriko dozenaka eragile politikoek, sindikalek eta sozialek gatazka politikoaren biktimak aitortzeko hitza eman zuten bitartean", bi alderdi horiek ez direlako gai "Estatuak sortzen dituen milaka biktimak aitortzeko".

Hori dela eta, bi alderdiek "arinkeria horrekin jarduteari uzteko" eskatu du Batasuna zenak, eta "biktimen gaia eta eztabaida politiko eta armatuko hamarkadetan izandako sufrimendua bezalako kontu sentikorra hauteskundeetako eztabaidatik eta komunikabideetako zirkutik ateratzeko" eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea