Politika -

KORONABIRUSA

Chivite ez dator bat atzerriko bidaiarientzako 14 eguneko berrogeialdiarekin

Nafarroara oporretan ez ezik, Foru Erkidegoan inbertsioak egiteko asmoa duen jendea dator, "ezin ditugu 14 egun berrogeialdian utzi".

Presidenteak esan du azken asteko datuak "pozgarriak" direla. Argazkia: Navarra.es
María Chivite
Presidenteak esan du azken asteko datuak "pozgarriak" direla. Argazkia: Navarra.es

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak ostiral honetan adierazi duenez, ez dago ados beste herrialde batzuetatik datozen pertsonek Espainiara heldu eta 14 eguneko berrogeialdia derrigorrez egin behar izatearen erabakiarekin; neuri hori maiatzaren 15etik aurrera eta alarmak irauten duen bitartean egongo da indarrean.

Prentsaurreko batean azaldu duenez, gai hori Gobernuaren Ordezkaritzari helarazi zaio, Nafarroako Gobernua ez datorrelako bat irizpide horrekin.

Presidenteak esan duenez, Nafarroara "oporretan bakarrik ez datorren jendea" iristen da, eta, adibidez, Foru Erkidegoan inbertsioak egiteko asmoa duten enpresetako zuzendariak datoz, "ezin ditugu 14 egun berrogeialdian utzi".

Frantziako mugako merkataritza guneekin ere arazo bat dago, eta Atzerri eta Industria ministerioekin hitz egin dute dagoeneko, Chivitek azaldu duenez, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio "mahai gainean konponbide bat jartzeko" eta "bi herrialdeak ados jartzeko", oraingoz "mugak itxita daudelako".

Nafarroak 2. fasera igarotzeko dituen planei buruz galdetu diotenean, presidenteak esan du azken asteko datuak "pozgarriak" direla, baina oraindik "goiz da herri batzuk lehenago eta beste batzuk geroago egongo diren aurreratzeko".

Bestalde, Batxilergoko bigarren mailako ikasleak ekainaren 1etik ikasgeletara borondatez itzultzeko erabakiari dagokionez, hezkuntza komunitatearekin eta alderdi politikoekin landu den neurria dela azaldu du, eta "zuhur" jokatu behar dela esan du.

Nafarroako Volkswagenen egoerari dagokionez, Europako erakundeekin hainbat bideokonferentzia egin dituztela esan du presidenteak, Europar Batasunaren suspertze planaren oinarrizko printzipioak ezagutzeko. Plan horretako baliabideen % 10 automobilgintzara bideratuko dituztela azpimarratu du.

Halaber, Nafarroak 16.000 milioi euroko funtsa eskuratu ahal izateko Ogasun Ministerioarekin lortutako akordioa "albiste ona" dela esan du Chivitek. Orain, akordio hori garatzeko, bi administrazioen artean "datuak trukatzea" falta dela azpimarratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Espainiako Gobernua Frantzia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Erizaintza Koronabirusa