Politika -

Voxen karabanak

Ultraeskuinaren protestak parte-hartze txikia izan du Euskal Herrian

Bilbon dozena bat auto elkartu dira. Gasteizen eta Donostian, ostera, Voxen deialdiak ez du erantzunik izan. Iruñekoa izan da auto karabana luzeena osatu duena.

Voxen manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE
Voxen manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE
Voxen manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vox ultraeskuineko alderdiak karabanak antolatu ditu Espainiako Estatu osoan, baina Euskal Herrian oihartzun txikia izan dute.

Iruñekoa izan da auto karabana luzeena osatu duena. Leihoetatik Espainiako banderak zeramatzatela bozina joka ibili dira zenbait ibilgailu. Elkarretaratze antifaxista ere deitu dute eguerdirako Voxen protestaren kontra, baina ezta tentsio une handirik sortu.

Bilbon dozena bat auto elkartu dira Espainiako Gobernuak koronabirusaren pandemian egindako kudeaketaren aurka, eta Gasteizen eta Donostian, Voxen deialdiak ez du erantzunik izan.

Bizkaiko hiriburuan, karabanak ibilbidea egin du Kale Nagusian, Espainiako Gobernuaren Bizkaiko azpiordezkaritzaren egoitzatik, Moyua plazatik, Jesusen Bihotzera, eta berriz buelta egin du protestak.

Mobilizazioan ez da istilurik izan, baina Voxen autoak pasatzen ari zirenean espaloietatik baten batek agiraka egin die manifestariei, eta Ertzaintzak zenbait pertsona identifikatu ditu, Segurtasun Sailak azaldu duenez.

Manifestazio antifaxista Iruñean. Argazkia: EFE

Manifestazio antifaxista Iruñeko Gazteluko plazan. Argazkia: EFE

Iruñean, auto barruan zihoazen manifestariek txistu egin dute, Nafarroako eta Espainiako banderekin jantzita. Espainiako Polizia bizkartzain zutela ibilbidea egin dute Nafarroako hiriburuko erdialdetik.

Oinezkoak protestaz ohartu egin dira, eta horietako batzuek irainekin eta keinuekin erantzun diete; beste batzuek, ordea, txalo eta "Viva España!" oihu artean hartu dituzte.

Voxen deialdiak Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren baimena zuen. Baimenik ez zuen kontramanifestazio bat deitu dute sare sozialetan, "Iruñea beti antifaxista" eta "Vox kanpora" lelopean. 60 bat gazte bildu dira eguerdian, Gazteluko plazan.

"Euskal Herria antifaxista" esaldiarekin kartel txikiak erakutsi eta "Faxistak kanpora" oihu egin dute. Ondoren plazatik ateratzen saiatu dira, ustez karabanaren bila joateko, baina Espainiako Poliziak eragotzi egin die. Ondoren, gazteak sakabanatu eta talde txikietan karabana topatzen saiatu dira.

Gazteen eta Poliziaren artean tentsio uneak izan dira, eta horietako batzuk identifikatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Iruñea Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Vox Koronabirusa Ultraeskuina