Politika -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Ortuzar: 'Erabakitze eskubideak alderdiak irudikatuko ditu'
Konstituzioaren erreformak eztabaidatzeko aukera zabaldu duela azpimarratu du burukideak, eta, halaber, zerga-politikaren berrikustearen inguruan dituen errezeloak nabarmendu ditu.
Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarraren presidenteak esan du, bere alderdiak egindako proposamenaren inguruan (erabakitze eskubidea abian dagoen Konstituzioaren erreformaren barnean sartzea), alderdiak irudikatuko dituela proposamen horrek; izan ere, bere iritziz, bakoitzak Estaturako zein eredu defendatzen duen erakutsi beharko du, eta, era berean, EAE eredu horretan nola sartuko den argudiatuko behar izango du. Burukidearen ustez, PSOEk eta PPk Konstituzioaren inguruan eztabaidatzeko aukera zabaldu dute, eta, gogoratu duenez, herritarren erdiak ezin izan zuen horren erreferendumean parte hartu, 1978an, adinaren arrazoiengatik. Radio Euskadin astelehen honetan egin dioten elkarrizketan, Ortuzarrek zerga-politikaren berrikustearen inguruan dituen errezeloak nabarmendu ditu (igandean, Valentzian, Jose Blancok iragarri zuen Alfredo Perez Rubalcabak proposatuko duela berrikuste hori).
EAJk Bizkaian duen zuzendaritzaren presidenteak uste du jende asko "urduri" jarri dela bere alderdiak luzatu duen proposamenarekin, baina, bere ustez, "normala" da euren ekitaldia. Une ona da, oraingoa, Ortuzarren iritziz, Konstituzioaren inguruan "dramatismorik gabe" hitz egiteko, 1978an onartu zuten Konstituzioak gaur egun indarrean dagoen Estatua nahi islatu nahi zuen eztabaidatzeko, ala, alderantziz, berak esan duenez, oraingo Estatua "zentralizatuagoa" den baieztatzeko. Andoni Ortuzarrek azpimarratu du Konstituzioa bizirik egon behar dela, eta moldatzeko aukera izan behar duela.
Alfredo Perez Rubalcabak bultzatuko duen proposamenaren inguruan (ondare handiagoa duten herritarrei zergak igotzea), Andoni Ortuzarrek argi utzi du EAJk errezelo handiarekin jaso duela proposamen hori. Burukidearen ustez, "tranpa" da PPrentzat; izan ere, Rajoyk zuzentzen duen alderdiari, horrek ekitaldiari ezetza ematekotan, "aberastasun handien alde dagoela esango diote". Ortuzarren esanetan, beharrezkoa da zerga-politika zorrotz aztertzea, baina ezin dute baztertu Euskadik errespetatu behar dituzten eskuduntza batzuk dituela. EAEn, esan duenez, "dirurik gehien irabazten duen jendeak gehiago ordaintzen du, dagoeneko". Halaber, nabarmendu duenez, edozein erreformaren eragina ez litzateke gauzatuko 2012ko amaierara edo 2013ko hasierara arte.
Bilduren eskaintzari, "ez"
Andoni Ortuzarrek, halaber, Bilduk EAJri, besteak beste, helarazi zion proposamenari buruz ere hitz egin du (datorren azaroaren 20ko haueskunde orokorretara hautagaitza batean elkarrekin joatea). Burukideak "ez" esan dio eskaintza horri ; bere esanetan, Bildu eta ezker abertzalea ez daude eroso euren kontraesanekin: "Beti esan dute Madrilera joateak ez duela ezertarako balio, eta orain, aldiz, hara joan nahi dute". Gainera, Ortuzarrek zalantza asko ditu balizko hautagaitza horrek izango lukeen programaren inguruan: "Bilduk esaten duena, Kongresuan Euskadiren interesak elkarrekin defendatzea, orain dela 30 urte hasi ginen egiten", gogoratu du. Bilduri bere definizioei irtenbidea aurkitzeko aholkatu dio.
Bilduren eskaintzak Nafarroa Bain izan ahal duen eraginaren inguruan (baliteke Aralarrek NaBaitik alde egitea, nahiz eta EAJk eta Independenteek Nabairen aldeko apustua baieztatu duten), Andoni Ortuzarrek Aralarri eskatu dio aztertzeko zergatik maiatzeko hauteskundeetan Nafarroa Bai koalizioaren barruan egon ziren eta orain, antza, ez duten ildo horretatik jarraitu nahi. Nolanahi ere, Ortuzarrek esan du egoera politikoa aldatzen ari dela: "ETA protagonista izan da, azken urteotan, eta orain, aldiz, ETArik gabeko agertokia ari da sortzen; EAJren rola orain dela hogei edo hogeita hamar urte zuena bezalakoa da". Andoni Ortuzarrek gogoratu du gaur bertan hasiko dutela EAJn ondorengo hauteskundeetarako zerrendetako buruan nortzuk egongo diren ezatabaidatzen.