Politika -

GUARDIA ZIBILA

David Blanes, Guardia Zibileko burua Perez de los Cobos kargutik kendu ondoren

Perez de los Cobos teniente koronela kargutik kendu zuen Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, konfiantza faltagatik.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Blanes Gonzalez teniente koronela Guardia Zibilaren buru izendatu dute Madrilen, Diego Perez de los Cobosen ordez, martxoaren 8ko manifestazioak koronabirusaren hedapenean izan zezakeen eragina ikertzen ari den epaileari txosten bat bidali ostean kargugabetu ostean.

David Blanes Guardia Zibilak Madrilen duen Komandantziako Unitate Fiskaleko eta Aireportuetako burua zen orain arte, Barne Ministerioak jakinarazi duenez.

Diego Perez de los Cobos, berriz, Madrilgo Armen eta Lehergailuen Kontu-hartzailetza Zentralera bidali dute berak eskatuta, zerbitzu-eginkizunetan (Armen, Lehergailuen eta Segurtasunaren Buruzagitzaren mende dago).

Perez de los Cobos teniente koronela kargutik kendu zuen Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, konfiantza faltagatik.

Kargugabetzearen ostean, Guardia Zibilaren zuzendari laguntzaile eragileak, Laurentino Ceña teniente jeneralak, kargutik kentzeko eskatu zion ministroari, erretiroa hartzeko astebete eskas geratzen zitzaionean.

Grande-Marlaskak orain arte Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuko jeneral izan den Pablo Salas izendatu zuen kargu horretarako. Gainera, Fernando Santafe teniente jenerala (Guardia Zibilaren hirugarrena) kargugabetu zuen, eta Felix Blazquez Gonzalez dibisioko jenerala izendatu zuen haren ordezko.

Institutu armatuko iturrien esanetan, Perez de los Cobosen kargugabetzeak gainerako aldaketak azkartu zituen, Barne Ministerioak Laurentino Ceñak erretiroa hartutakoan egitekoak zituenak, hain zuzen ere.

Fernando Grande-Marlaskak orduan azaldu zuenez, Rafael Perez Segurtasunerako Estatu idazkaria eta Maria Gamez Guardia Zibileko zuzendari nagusia planifikatzen ari ziren egitura aldaketaren ondorio dira kargugabetzeak.

Asteartean ministroak Senatuan esandakoen arabera, ez du dimitituko, oposizioko talde nagusiek hala eskatu arren, eta Guardia Zibila M8aren inguruan egiten ari den ikerketan ez berak ez bere saileko beste inork ez zuela esku-sartzerik egin azpimarratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia Eguneko albisteak Albisteak Madril