Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Andueza: "Ez dago oinarri egokorik hiruko gobernu ezkertiarra osatzeko"

PSE-EEren Gipuzkoako buruak Elkarrekin Podemosi ohartarazi dio Maddalen Iriarte (EH Bildu) lehendakari egiteko, ez dutela haien botoa izango. Alarma egoera luzatzeko akordioa defendatu du.

Eneko Andueza. Argazkia: EiTB
Eneko Andueza. Argazkia: EiTB
Eneko Andueza. Argazkia: EiTB

play icon 18:12

Radio Euskadi

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako buruak Elkarrekin Podemosek, uztailaren 12ko hauteskundeei begira, Eusko Jaurlaritzan hiruko gobernu ezkertiarra, PSE-EErekin eta EH Bilduekin, osatzeko egindako proposamena izan du hizpide. Galdetu du ea "ze proposamen gehiago duen ezkertiarren akordiotik harago", eta gaineratu du "ez dezatela gurekin kontatu Maddalen Iriarte (EH Bildu) lehendakari egiteko". Anduezak uste du ez dagoela "oinarri egokirik" gobernu bateratua osatzeko.

Ukatu egin du alarma egoera luzatzeko Ciudadanosekin egindako akordioa alderdi laranjari "protagonismoa emateko" dela, eta azpimarratu du Sanchezen Gobernuak "kontrako aldeetan dauden, baina osasun krisitik ateratzeko helburu komuna duten, alderdiekin adostasunera iristeko gaitasuna" duela. Kritikatu egin du "oposizioko alderdi nagusia, PP, mozorrotutako Vox izatera jolasten" ari dela, eta harridura agertu du "estatu alderdi arduratsua zela" pentsatzen zuelako. Oposizioa egitea, bere esanetan, "ez da gobernua edonola bota nahi izatea". Gainera, normaltasunaren barruan kokatu du EH Bildurekin lan erreforma bertan behera uzteko akordioa, zeren "demokrazian batzuekin eta besteekin adosteko askatasuna dago".

Osasun krisiaren kudeaketak "aginte bakarra eskatzen" zuela esan du Anduezak, eta uste du erkidegoen kudeaketak "agerian" utzi duela "ez zela erraza"; izan ere, buruzagi sozialistaren arabera, "Eusko Jaurlaritza ez zen oso fin ibili, EAJk kudeatzen dituen sail batzuetan hain zuzen ere".

Anduezak Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa defendatu du, eta azpimarratu du ez dutela "tranpa egiten harrapatu", baizik eta "ministroak inguruan konfiantza duen jendea" behar duela. Gaineratu duenez, "filtrazio batzuei esker jakin dugu prestatzen ari ziren txosten batzuk ez zutela behar zuten sendotasunik".

Azkenik, batzoki eta herriko etxeetan izan diren pintaketak gaitzetsi ditu, eta adierazi du EH Bilduk jakingo duela gauza bera egin behar duen ala ez.

(Radio Euskadin idatzitako albistea, eitb.eus-en erredakzioan itzulia)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak EAEko hauteskundeak Espainiako Gobernua Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Eneko Andueza azken ordukoa