Politika -
U12
Mendia: "U12an Jaurlaritzak Sanchezen proiektuarekin duen konpromisoa erabakiko da"
PSE-EEko lehendakarigaiak bere alderdiaren 75 hautagaiak aurkeztu ditu: "Egoera honetatik ez gara bakarrean irtengo; guk Pedro Sanchezen Gobernuaren eskutik egin nahi dugu", esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiaren iritziz, uztailaren 12ko EAEko hauteskundeetan "hurrengo Eusko Jaurlaritzak Pedro Sanchezen Gobernuaren proiektuarekin duen konpromiso-maila ere erabakiko da". Hala esan du Mendiak ostegun honetan, bere alderdiko 75 hautagaien aurkezpenean.
"Uztailaren 12an, EAEko herritarrek aukeratu beharko dute nor nahiago duten irteera hemendi, Euskaditik, zuzentzeko, baina ez hori bakarrik; horrez gain, aukeratu beharko dute zein konpromiso-maila nahi duten Eusko Jaurlaritzaren aldetik Espainiarekin eta Europarekin dugun proiektu komunarekin. Argi dago egoera honetatik ez garela bakarrean irtengo, eta guk, sozialistok, argitasun osoz diogu Pedro Sanchezen Gobernuaren eskutik egin nahi dugula", nabarmendu du.
Mendiak telematikoki aurkeztu ditu PSE-EEko 75 hautagaiak. Apirilaren 5ean egitekoak ziren hauteskundeetako hautagaiak dira, aldaketarik ez dago zerrendetan.
PSE-EEko lehendakarigaiak Pedro Sanchezek koronabirusaren pandemian egindako kudeaketa goraipatu du: "Erabaki berriak eta ausartak hartu ditu. Ez zuen zalantzarik izan, eta egin beharrekoa egin du, behar den leku eta arlo guztietan, gaitzari aurre egiteko. Gainera, gizarte-koltxoia eskaini du, inor atzean gera ez dadin", gehitu du.
Azpimarratu duenez, "errealitateak abala eman dio Espainiako Gobernuaren kudeaketari"; alarma-egoera "ezkutuko 155 bat zela eta berriro zentralizatzeko asmoa zuela" zioten horiek, aldiz, "nabarmen geratu dira".
Alarma-egoera eta autogobernua, "bateragarriak"
Mendiaren hitzetan, frogatuta geratu da alarma-egoera "autogobernuarekin bateragarria" zela, osasun-materiala erosteko trabarik ez zegoela, Gobernuak baliabide guztiak zituela bere esku, eta alarma-egoerarekin presidenteak zuen interesa herritar guztien osasuna zela, "beste asmo politikorik gabe".
"Nabarmen geratu da batzuek kolokan jartzen dutela, Espainia mailan, Gobernu aurrerakoi baten egonkortasuna; jakin behar dugu hori arriskutsua dela Euskadirentzat", esan du, alderdirik aipatu gabe.
PSE-EEko lehendakarigaiak gaitzetsi du Diputatuen Kongresutik "oihartzun gorgarria" ari dela iristen; Mendiak ez du nahi Euskadin "zarata" hori kopiatzea, ezta elikatzea ere.
Ziurtatu duenez, krisi honetatik "bakarrik elkarrekin" dago irtetea, alderdi, eragile eta erakunde guztiak batera; adostasun horretatik at, esan duenez, "zarata eta antipolitika" daude.
"Hortik kanpo, ezegonkortasunetik eta borrokatik, Espainiako aldaketa-agenda geldiarazi nahi dutenak elikatzen dira, hori bakarrik, eta Euskadiko oinarrizko adostasunak arriskuan jartzen dituzte"; izan ere, "aurkari politikoak gutxietsita eta egia absolutuen bidez, herritarrek galdegiten dituzten konponbideetatik urruntzen ari gara", nabarmendu du.
Hori dela eta, PSE-EEko hautagaiei eskatu die "herritarrek erakutsitako erantzukizunaren parean egon daitezela", eta kanpaina egin dezatela "egoeraren egiaren berri emanda, errespetuz, iritziak kontrastatuz, ez ospe kenduz".
"EAEko herritarrek jakin behar dute proiektu transformatzailea eskaintzen dugula, bai eta segurtasun-sare bat ere, atzean inor gera ez dadin, Gobernu sendo, fidagarri eta ausart batekin. Elkarrizketa- eta akordio-ahalmen handia dugu, herritarrei eta gainerako alderdiei irekita gaude, eta zintzotasunez lan egingo dugu Espainiako Gobernuarekin, Aldundiekin eta Udalekin", adierazi du.
Azken asteotan, Patxi Ruiz ETAko presoaren aldeko kanpaina baten testuinguruan, PSE-EEko hainbat egoitzatan pintaketak egin dituzte, bai eta Mendiaren beraren etxean ere; horren harira, PSE-EEko hautagaiak esan du batzuek, oraindik, nahi dutela jazarri "desberdin pentsatzen duena, sozialistak. Ez dute ulertzen nahi bezala sentitu eta pentsatzeko askatasuna irabazi dugula, eta ez diogula askatasun horri uko egingo".