Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Patxi Lopez, erreformaren alde, 'baina beste era batera egin zitekeen'
Bestalde, Patxi Lopezek ETAri "arnasbidea" kentzeko eskatu dio Bilduri eta "demokrazian bizitza osoa daramatenei eperik ezin dietela jarri" ohartarazi dio.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak defizitari muga jartzeko Konstituzioaren erreforma babestu du "ezin baita jasotzen dena baino gehiago gastatu etengabe", baina ekimena aurrera eramateko modua kritikatu du, izan ere, "hobeto egin zitekeen".
Lehendakariak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "aurretik galdetu behar zitzaien gainerako alderdiei, ez ondoren, beste era batera egin zitekeen". Hala ere, erreformak "bertute bat" baduela uste du, "mezu indartsua" zabaltzen duelako, "defizitarekin dugun konpromisoa ofizial egiten dugu ahal dugun modu sendoenean".
Lehendakariak berretsi duenez, "lehenik neurriaren zergatia azalduz gero, ez zen erreferendumari buruzko eztabaidarik izango, denok ulertuko genukeelako".
Erreformarekin Euskadik autogobernua gal dezakeela esanez entzun diren kritiken harira, Patxi Lopezek esan du "ziur" dagoela ez dela gertatuko, eta gogorarazi duenez, "Europak mugatu zuen defizita eta inork ez zuen esan autogobernuaren kontrako neurria zela". Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren buruak uste du alderdi batzuek egoera "aprobetxatu" nahi dutela.
EAJren zuzenketak
Gainera, EAJ kritikatu du "asaldatu" egin delako bere zuzenketak onartu ez direnean, izan ere, "bazekien hori gertatuko zela". Horren harira, lehendakariak honakoa esan du autodeterminazio eskubidearen inguruan: "Gure lehentasuna al da? Nire ustez ez. Herritarrak beste gauza batzuekin arduratzen dira, ekonomiarekin adibidez. Baina EAJ ezker abertzalearen kontrako hauteskunde-lehia batean dago murgilduta".
Zergak
Bestalde, lehendakariak ondare handiak dituztenei zerga handiagoak jartzearen aldeko apustua egin du eta ondarearen gaineko zerga berreskuratzea proposatu du, "ez erdi mailako klaseentzat, aberatsentzat baizik, eta babestu nahi ez duenak azal dezala zergatik".
Zerga-bilketaren beherakadari buruz galdetuta, Patxi Lopezek azpimarratu du ezin dela "jasotzen dena baino gehiago gastatu etengabe", beraz, "defizita mugatu egin behar da bai ala bai". Helburu hori lortzeko, lehendakariak esan du "beharrezkoak ez diren gastuak murriztea eta zerga bidez gehiago biltzea" dela haien helburua, izan ere, "ezin da esan gastuak doitu behar direla eta zergak ez direla ukitu behar, eta bitartean gastu gehiago eskatu".
Udal Legea
Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Udal Lege proiektuari buruz ere galdetu diote lehendakariari eta neurri horrekin udalen eskumenak "paper batean jartzea" eta horiek burutzeko "beharrezko finantziazioa ematea" lortuko dutela esan du. Gainera, "PPrekin eta baita EAJrekin ere akordioa lortuko dutela" uste du, nahiz eta EAJri "Euskadiko alderdi zentralistena" izatea leporatu.
Udal Legearen inguruko eztabaidan Bilduk, EAEn zinegotzi gehien duen alderdiak, izango duen paperaz, lehendakariak gogorarazi du EA koalizioaren parte dela eta Legebiltzarrean ordezkariak dituela.
Ezker abertzalea
Bestalde, Patxi Lopezek ETAri "arnasbidea" kentzeko eskatu dio eta koalizioko kideei ohartarazi die ezin dietela eperik jarri "demokrazian bizi osoan daramatenei".
Lehendakariak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari egindako agurra izan du hizpide, askok "hotza" izan zela baitiote. Azaldu duenez, "ez zuen zertan beroa izan, mundu guztiak ulertuko du, gainera".
Haren esanetan, Bilduko ordezkariekiko eta ezker abertzalearekiko harremana "norberak dagokion ardura beregain hartzen duenean" aldatuko da.