Politika -

Arkaitz Rodriguez

"Pintaketak puztuta, olatuarena egin eta elikatzen dituzte"

Arkaitz Rodriguezek politikari eta hedabideek pintaketei emandako erantzuna kritikatu du, ATA ezker abertzalea ahultzeko saiakeran elikatzen duelakoan.

Arkaitz Rodríguez
Arkaitz Rodríguez
''Pintaketak ezabatu daitezke, baina presoen heriotzek ez dute atzera bueltarik''

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren ustez, ATA EH Bildu “ahultzen saiatzen ari da” hainbat astean batzoki eta Herriko Etxeetan egin dituen pintaketen bitartez, "sektore horiek ezker abertzalearen estrategia-aldaketaren aurka agertu zirelako eta harrezkero bidetik ateratzeko ahalegin betean ari dira". Halaber, agintari politiko gehienek eta hedabideek pintada horiei emandako erantzuna kritikatu du, “olatuarena egiten ari zaizkielako, pintadak puztuz herri honen arazo handiena izango balitz bezala. Horrek elikatzen ditu sektore horiek”, adierazi du. Pintaketak amaitzeko egiten ari denaren guztiz kontrakoa egin beharko litzatekeelakoan dago. Garrantzirik kendu gabe, esan du beren larritasuna “sufrimendua eta biktimak eragiten ari den espetxe politika kriminalari” eustea dela beste ezer baino gehiago. Are gehiago, erantsi duenez, “pintaketak azetonaz kentzen dira, baina inork ez dio bizitza itzuliko Xabier Reyri, Kepa del Hoyori…”.

Rodriguezek hizpide hartu du, halaber, ezker abertzaleko Zarauzko zinegotzi ohi bati sexu abusua egitea leporatu izana, eta ukatu du erasotzailea estali izana. Haren hitzetan, “lehen unetik” baztertu zuten, “kautelaz”, eta kasua zabaltzeko 6 hilabete pasatu badira biktimak ezagutarazi nahi izan ez duelako izan da, eta Sortuko “errespetatu egin du”. Salaketa judizialik ez dagoela erantsi du.

Rodriguezen hitzetan, “Urkulluk eta Chivitek zerabilten kogobernantza edo erabakitzeko eskubidea ezerezean gelditu da”, eta erabakiak Madrilen hartzen jarraitzen dute: “Larria iruditzen zaigu inolaz ere honelakoei ez dagokiena autogobernutzat edo bialdekotasun efektibotzat saltzea”. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren jardunbidea kritikatu du, “gehiago arduratzen duelako ekainaren 12ko hauteskundeak zurituko lituzkeen normaltasun berri itxurako zerbait islatzeak datorren ikasturtea galdutzat eman ez dezagun etxeko lanak egiteak baino”.

Sortuko idazkari nagusiak ez du etsitzen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren ezkerreko alternatiba lortzeko bidean, uste baitu “180 graduko norabide aldaketa” behar dela eta gizartean “ahalmenez” horrelakorik badela. “Gure ideiekin bat egiten duen orori dei egiten diogu EH Bilduk gidatutako Gobernu bat ahalbidetu beharko lukeen gehiengo berri hori altxatzera”, bukatu du.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Eusko Jaurlaritza EAEko hauteskundeak Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Zarautz Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Sexu erasoak