Politika -

Koronabirusa

M8ko manifestazioak pandemiaren hedapenarekin lotu nahi zituen auzia artxibatu dute

Epaileak ebatzi duenez, Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak ez zuen arriskuaren "ezagutza egiazkoa, objektiboa eta teknikoa" izan manifestazioak baimendu zituenean.

M8ko manifestazioa Madrilen. Argazkia: EFE
M8ko manifestazioa Madrilen.
M8ko manifestazioa Madrilen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 8ko manifestazioak ez debekatzeagatik ustezko prebarikazio delitua egin izana egotzita Jose Manuel Franco Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkaria ikertu duen epaileak, auzia behin-behinean artxibatzea erabaki du, ez duelako delitu zantzu nahikorik ikusi.

Epaileak, asteotan egindako ikerketa-eginbideen ostean ebatzi duenez, "Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak ez zuen pertsonen osasunerako zekarren arriskuaren ezagutza egiazkoa, objektiboa eta teknikoa izan martxoaren 5etik 14ra bitarteko manifestazioak eta elkarretaratzeak baimendu zituenean".

Testuinguru horretan, Francok "ez zuen horri buruzko komunikazio edo instrukziorik jaso, eta osasun arloko agintariei ez zien horren inguruko informazioa ofizioz eskatu".

Epaileak gaineratu duenez, "Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariari pertsona fisiko edo juridiko, publiko zein pribatu, bakar bat ere ez zion eskatu elkarretaratzeak edo manifestazioak debekatzeko, edo nolabait mugatzeko, COVID-19aren agerraldiagatik".

Gauzak horrela, M8ko manifestazioak pandemiaren hedapenarekin lotu nahi zituen auzia behin-behinean artxibatzea erabaki du ostiral honetan.

Epaileak, Francori entzun eta gero hartu du erabakia; izan ere, ikertu gisa deklaratzera joan zen asteazkenean, eta 18 lekukok ere epailearen aurrean deklaratu zuten, besteak beste, manifestazioak eta elkarretaratzeak bertan behera uzteko eskatuz deiak jaso zituzten 10 antolatzailek.

Dena dela, helegitea aurkeztu daiteke Madrilgo Probintzia Auzitegian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Grebak Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Manifestazioak Emakumeen Nazioarteko Eguna Koronabirusa