Politika -

Bilera, gaur Bilbon

Bildu, EAJrekin batzartuta hauteskundeetan bat egitea proposatzeko

Nolanahi ere, EAJk aurreratu du ez dela iritziz aldatuko eta hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko direla.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilduko kideak EAJko buruekin batzartuta daude 11:00etatik Bilbon, azaroaren 20ko hauteskunde orokorretan batera aurkeztea proposatzeko, baina EAJk eta Iñigo Urkulluk proposamena errefusatu dute.

Bilduren ordezkaritza honakoek osatzen dute: Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak eta Jone Goirizelaia eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideek. EAJrena, aldiz, Iñigo Urkullu EAJko presidenteak eta lau lurralde buruzagiek (Andoni Ortuzar, Iñaki Gerenabarrena, Joseba Egibar eta Jose Angel Aguirrebengoa).

Aralarrek Bildurekin (EA, Alternatiba eta ezker abertzalea) batera hautagai-zerrenda bakarra osatzeko proposamena onartu ostean egiten ari dira bilera.

Bilera Sabin Etxean (Bilbo) egiten ari dira, Bilduk horrela eskatuta. Ezker abertzaleak ez du ordezkapenik Gorteetan.

Bildurekin batuko dela aitortu arren, Andoni Ortuzar EAJko Bizkaiko presidenteak joan den astean esan zuen EAJren jarrera aldatuko ez dela eta hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko direla; izan ere, Bilduren proposamena "ez da ez bideragarria ezta zintzoa ere".

Ortuzarren hitzetan, Bilduren proposamena "hauteskundeei begira egindako kalkulu hutsa da, gu nahasteko eta, batez ere, Aralar nahasteko. Ez gaituzte beren amaraunean sartuko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea