Politika -

Peio Urizar "Egun On Euskadin"

Urizar: 'Madrilera herri bezala joatea inoiz baino beharrezkoagoa da'

Urizarrek biktima guztiak onartuko dituztela esan du, baina "une egokia dela uste dugunean, ez PPk eta PSOEk jarri nahi diguten erritmoan".

Peio Urizar "Egun On Euskadin". Argazkia: EITB
Peio Urizar "Egun On Euskadin". Argazkia: EITB
EAJk NaBairen alde egindako apustua kontraesankorra da Urizarren ustez

00:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Peio Urizar EAko idazkari nagusia elkarrizketatu dute gaur "Egun On Euskadi" saioan. ETAren atentaturik gabeko urtebete igaro denean, eta pausoak zeinek eman behar dituen galdetuta, "gutxienez hilabete pare batez berdin jarraituko dugu, hauteskunde aurreko garaian sartu garelako, eta Gobernua ez da mugituko" esan du. ETA mugituko ote den galdetuta, Urizarren ustez, "batak eta besteak mugitu beharko lirateke, eragile guztiak, ETA baita ere, eta Espainiako erakundeek ere badute ardura prozesu honetan. Norbaitek pausoak eman baditu, hori ETA izan da, eta beste batzuk oraindik ez dira mugitu ere egin, eta ez dute gainera mugitu nahi, ardura beti besteei emanez".

"50 urte dituen gatazka armatu honi ez diogu 6 hilabetetan irtenbidea emango, eta seguruenik urte betean ere ez. Pausoak emateko ardura denok izan behar dugu, denok desiratzen dugun azken pausoa emateko".

ETAren zatiketa arriskuaren inguruan, "arrisku hori beti egon da, eta beti egongo da ETAk behin betiko bukatu dela esan eta armak ematen dituen arte", adierazi du.

ETAren biolentzia kondenatuko ote duten eta terrorismoaren biktimen omenaldietan parte hartuko ote duten galdetuta, Urizarrek esan du Bilduk era guztietako biktimen omenaldietan parte hartuko duela. "Bilduk euskal gizartearekin konpromisoa du, eta zentzu horretan aurrerapausoak egongo dira, biktima guztiak onartuz, baina gure erritmoan, ez PPk eta PSOEk jarri nahi diguten erritmoan, beraiek ez dituztelako biktima guztiak onartzen".

EAJrekin bilera

Bilduko ordezkaritza batek EAJrekin duen bileraren inguruan, hauteskunde orokorretara begira koalizio bat sortzearen onurak sinetsaraztea dela helburua adierazi du EAko idazkari nagusiak. "Azaroaren 20tik aurrera sortuko den egoeraren aurrean, Madrilera herri bezala joatea inoiz baino beharrezkoagoa da". Hala ere, Urkulluk jada adierazi du hainbat elkarrizketatan erantzuna ezezkoa izango dela. "Jada zalantza guztiak argitu dira, hala ere eurekin bilera bat izatea eta proposamena zuzenean helaraztea gutxienez beharrezkoa da" esan du Urizarrek. Bilduren eskaintza, proiektu politikorik gabeko alderdien koalizio elektoralen amu bat besterik ez dela Urkulluk esan ostean, EAko idazkari nagusiak galdetu dio ea zer dela eta onartu zuen EAJk 2003an NaBairekin joatea. "Kontraesana da" adierazi du Peio Urizarrek.

Bildu eta Aralar hauteskundeetara batera joateko erabakiaren inguruan, "egoeraren analisia eginda, Aralarrek Bilduko hiru alderdiekin bat egiten du, eta garrantzitsua iruditzen zaigu Madrilen eskubideak dituen herri bezala aurkeztea".

Zein formula eramango duten galdetuta, "oraindik beste fase batean gaude, xehetasunak falta dira. Aste hauetan gauza garrantzitsuak finkatu ditugu, zein filosofiarekin joango garen zehaztu eta zein mezu bidali nahi dugun" adierazi du. "Beste guztia ixteke dago", gaineratu du Urizarrek.

Sortuk sartzeko tokia duen ere galdetu diote elkarrizketan, eta "lehenbailehen legala behar du izan" adierazi du. "Apustu hauen kide izan behar du, akordio estrategikoen parte eta egoera normalizatua behar dugu; Madrileko erritmoek ez dute gure bidea blokeatuko".

Nafarroaren egoeraz ere hitz egin du Urizarrek, eta "bereziki arduratzen gaituen egoera da! esan du. "UPNk egin duen irakurketarekin bat egiten dugu, abertzaleek gauzak ongi egiten baditugu errealitatea zein izango den ikusi duelako". "Bi ordezkari ateratzeko aukera dugu eta Nafarroan lehen indarra izateko aukera. Horregatik erantzukizun egokia defendatzen dugu, ezberdintasunak egon daitezkeela onartuz, baina Madrilera herri bateratu baten irudia eramanez".

Euskal gizarteak behin betiko biolentzia iraganeko gauza izatea nahi duela argi dutela esan du, "baina irabazle eta galtzailerik gabe, hori ez zaio gizarteari gustatzen". "Behin betiko irtenbide baten alde egingo dugu lan" azpimarratu du Urizarrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea