Politika -

KORONABIRUSA

Agerraldiak larriagotzen badira, alarma berriz ezar daitekeela esan du Calvok

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak argitu duenez, Gobernuak ez du alarma egoera aurreikusten epe laburrean edo ertainean, pandemia erabat aldatu ezean.

Carmen Calvo. Irudia: EFE
Carmen Calvo
Carmen Calvo. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordearen esanetan, Exekutiboa aztertzen ari da "alarma-egoera ezartzea lurraldearen zati batean, osoan ez bada", koronabirusaren agerraldiak larriagotzen badira.

"Nahiago nuke egin behar ez izatea, baina irmoak izango gara osasuna babesteko. Unea iritsiz gero, Gobernua erantzukizunez arituko da berriro", esan du Calvok.

Hala eta guztiz ere, presidenteordeak azaldu duenez, une honetan Espainiako 12 foku aktiboak "kontrolpean" daude, eta egoera "aurreikusitakoaren barruan" dago; beraz, ez da beharrezkoa izango alarma-egoera ezartzea.

"Agerraldiak izango direla esan behar dut. Garrantzitsuena da ahalik eta azkarren kontrolatzea, eta sintomak dituzten guztiek oso azkar erantzutea osasun-zentroetara joanda. Azkartasuna da garrantzitsuena", zehaztu du Calvok.

Ildo horretan, presidenteordeak berretsi du Espainiako Gobernuak arduraz eta irmo jokatu zuela MOEk pandemiaren berri eman zuenean. "Neurri zorrotzena hartu genuen, konfinamendua, eta hala zela esan genuen ez zegoelako beste modurik", gaineratu du.

Gobernuak norbanakoen erantzukizuna aipatu du

Oraingoz, herritar guztiek "beren kuotarekin" lagundu ahal izatea da Exekutiboak "planteatzen" duena, igandean, indarrean sartu eta hiru hilabete baino gehiago igaro ondoren, bertan behera geratu zen mekanismo konstituzional hori berriro ezarri beharrik ez izateko.

Astelehen honetan Osasun Ministerioak 11 foku aktibo daudela esan ondoren egin ditu adierazpen horiek Espainiako presidenteordeak, eta maiatzaren 11n kasuak zaintzeko sistema berria martxan hasi zenetik 36 detektatu dituztela gaineratu du.

Fernando Simon Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak astelehenean azaldu duenez, Espainian izurritea "beheranzko joera leuna" erakusten ari da, aurreko asteetan ikusitakoaren ildotik. "Duela aste edo hilabete batzuk baino askoz gehiago detektatzen ari gara, eta horrek egoera hobean jartzen gaitu agerraldien aurrean erantzun ahal izateko", esan du.

Gobernuak ez duela beste alarma egoerarik aurreikusten argitu du Monterok

Bestalde, Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak ez du aurreikusi eta ez du aztertzen beste alarma egoera bat ezartzea, koronabirusaren pandemiaren egoera goitik behera aldatu ezean.

Halaber, birusa berragertuz gero, ez du uste herritarren mugikortasuna murrizteko legeria arrunta aldatu ahal izango denik, alarma egoerak ematen dituen berme berberekin; izan ere, Diputatuen Kongresuaren baimena behar da, Konstituzioan aurreikusitako hasierako 15 egunak baino gehiago luzatu ahal izateko.

Lasaitasun mezua helarazteko asmoz, Espainiako Gobernuko bozeramaileak argi utzi du ez direla aztertzen ari "ez epe laburrean, ezta epe ertainean ere alarma egoera berriro ezartzea", pandemia kontrolpean dagoelako, kutsatzeek aurreikusitako eboluzioa jarraitzen dutelako eta agerraldiak "noizbehinkakoak" direlako gune jakin batzuetan, eta "kontrolatzeko behar diren tresnak daudelako".

Azpimarratu duenez, osasun egoera orokorra goitik behera aldatu ezean, Espainiako Gobernuak ez du "buruan" beste alarma egoera bat onartzea. Hala ere, azaldu du hori gertatuko balitz Gobernuak "eskura dituen mekanismo guztiak" erabiliko lituzkeela birusa kontrolatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea