Politika -

Presoak

Espetxe politikaren bilakaera aztertzeko behatoki bat sortu du Foro Sozialak

Euskaditik eta Nafarroatik urrunen dauden espetxeetan dauden 191 presoak haien jaioterrietatik gertuen dauden espetxeetara lekualda ditzala eskatu dio elkarteak Espainiako Gobernuari.

Agus Hernan, Aitzol Asla eta Teresa Toda, prentsaurrekoan. Argazkia: Foro Soziala
Agus Hernan, Aitzol Asla eta Teresa Toda, prentsaurrekoan.
Agus Hernan, Aitzol Asla eta Teresa Toda, prentsaurrekoan. Argazkia: Foro Soziala

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urruneko espetxeetan dauden euskal presoen senideekin "keinu bat" izateko eskatu dio Foro Sozial Iraunkorrak Pedro Sanchezen gobernuari, koronabirusak eragindako pandemiaren ondoren. Horrela, Euskaditik eta Nafarroatik urrunen dauden espetxeetan (Levante, Andaluzia eta Galizia) gaur egun dauden 191 presoak haien jaioterrietatik gertuen dauden espetxeetara lekualda ditzala eskatu dio.

Eskaera hori Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaile eta koordinatzaileak egin du, astearte honetan egindako agerraldian; izan ere, elkarteak behatoki bat sortu du, "motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren bilakaera" aztertzeko asmoz. Horrez gain, preso eta iheslarien "integrazioa errazteko" helburuarekin sortu dute ekimena.

Foro Sozialeko bozeramaileak azaldu duenez, gaur egun 191 preso Euskaditik 700 eta 1.100 kilometro arteko distantzian dauden espetxeetan daude (Andaluzian, Levanten eta Galizian), eta EPPK-ko presoen artean, 154 lehen graduan daude, Espainiako espetxe sistemaren sailkapenik zorrotzenean.

Beste 44 bigarren eta hirugarren graduan daude, eta horietako bederatzik espetxetik ateratzeko aldizkako baimenak dituzte. Txostenak zehazten duenez, EPPK kolektiboari atxikitako presoen % 75,5ek (175 inguru) dagoeneko jarduera zehatzak egiten dituzte eta espetxe barruko ardurak euren gain hartzen dituzte. Hala, gradu-aldaketak eta espetxe-baimenak eskatu dituzte, baina orain arte egindako 70 eskaeretatik hiruk bakarrik jaso dute baiezko erantzuna.

Hernanek ondorioztatu duenez, egoera horren aurrean eta koronabirusaren pandemiaren ondorioz presoen senideek jasan duten egoeraren ostean (hiru hilabetez ezin izan dituzte senideak bisitatu), "premiazkoa eta zentzuzkoa da Espainiako Gobernuak keinu bat izatea".

"Eta keinu hori Andaluziako, Levanteko eta Galiziako kartzeletan dauden preso guztiak euren jaioterrietatik gertuen dauden kartzeletara hurbiltzea da, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi osasun txosten batean oinarrituta egindako gomendioak. Gainera, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiez gain (EAJ eta PSE-EE), EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere babestu dituzte ondoriook", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Terrorismoaren Biktimak