Itxi

2020/07/02

08:26

Politika

LAN-ERREFORMA

PSOEk atzera egin du Kongresuan, lan-erreforma indargabetzea babestu ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

PSOEk lan-erreforma osorik indargabetzea adostu zuen EH Bildurekin eta Unidas Podemosekin. Horren truke, EH Bildu abstenitu egin zen Kongresuan alarma-egoeraren bosgarren luzapena ez oztopatzeko.

  • Diputatuen Kongresua

    Diputatuen Kongresua. Irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

PSOEk atzera egin du eta koronabirusaren osteko berreraikuntza ekonomiko eta sozialerako proposamen gisa 2012ko lan-erreforma indargabetzea babestu zuen bozketa errepikatzea lortu du Kongresuan.

EH Bilduk proposatuta, PSOEk eta Unidas Podemosek Berreraikuntza Batzordean ekonomia suspertzeko taldeak asteazken honetan bozkatu zituen proposamenetan sartzea babestu zuten.

Ordubete geroago, ordea, bozketa errepikatzeko eskatu dio PSOEk Maria Luz Martinez-Seijo diputatu sozialistari, eta, horretarako, PPren babesa izan du. Lehenik, Pedro Casares bozeramaile ekonomikoaren bidez, eta, ondoren, Rafael Simancas idazkari nagusiaren bidez, taldeek adostutako batzordearen funtzionamendua bera aipatuz.

Simancasen hitzetan, taldeek erabakita, "gehiengo parlamentarioa ordezkatzen duten talde parlamentarioen proposamenez, dagoeneko eztabaidatu eta bozkatu den gai baten bozketa berrikusi ahal da", eta, kasu honetan, PSOEk eta PPk eskatzen zuten.

"Aplika dadila, mesedez, lan plana", esan du Simancasek, beste diputatuen eta lantaldearekin batera dagoen abokatuaren zalantzak ikusita, eta Martinez-Seijok hori "konpontzen saiatzea"ren alde egin du.

Oraingoan, PSOEk EH Bilduren proposamen horren aurka bozkatu du, PP, Ciudadanos eta Juntsekin batera. Proposamenak 2012ko lan-erreforma indargabetzea eta haren ordez "langileen lan-eskubideekin bat datorren lan-legedi bermatzaile eta justu berri bat" ezartzea eskatzen zuen.

PSOErekin batera, beste bozketa bat errepikatzen saiatu da Unidas Podemoseko Isabel Franco ordezkaria, aberastasunaren gaineko zergaren bozketa errepikatzeko (EH Bilduk proposatu du eta taldeek atzera bota dute). Unidas Podemos (zerga berri horren sorrera babestu zuena eta gerora ez zuena bere proposamenetan sartu) abstenitu egin da bozketan.

PSOEk lan-erreforma osorik indargabetzea adostu zuen EH Bildurekin eta Unidas Podemosekin

PSOEk akordioa lortu zuen EH Bildurekin eta Unidas Podemosekin PPren lan-erreforma osorik indargabetzeko. Akordio horri esker, EH Bildu abstenitu egin zen alarma-egoera luzatzeko bozketan.

Itun horretan oinarrituta, toki-, foru- eta autonomia-erakundeek gastu-ahalmen handiagoa izango lukete krisiaren ondorio sozialak arintzeko politika publikoetan. PSOEk eta Unidas Podemosek konpromisoa hartu zuten toki-erakundeen gizarte-politiketako gastuak gastu-arauaren zenbaketatik salbuesteko, eta EAEren eta Nafarroaren zorpetze-ahalmena beren finantza-egoeren arabera soilik ezartzeko.

Horren truke, EH Bilduk Kongresuan dituen bost diputatuak abstenitu egin ziren, alarma-egoeraren bosgarren luzapena ez oztopatzeko.

Akordioak zalaparta sortu zuen eskuineko alderdien artean eta CEOE patronalean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;