Publizitatea
Itxi

2020/08/27

16:47

Politika

Ituna

Koalizio-gobernua osatzeko akordioa lortu dute EAJk eta PSE-EEk

Agentziak | Erredakzioa

Bi alderdiek datozen orduetan egingo dute ofizial akordioa. Ekonomiari, bizikidetzari eta autogobernuari buruz zituzten desadostasunak alde batera utzi ostean adostu dute ituna.

  • Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia, bilera batean.

    Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia, bilera batean. EiTBren artiboko bideo batetik hartutako argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB), Andoni Ortuzar presidentea buru duela, ostegun honetan babestu du PSE-EErekin koalizioa egiteko akordioa, ziurrenik abuztuaren 31ko Batzar Nazionalean berretsiko dutena.

Agiri hori datorren astelehenean, abuztuaren 31n, helaraziko zaio alderdi jeltzalearen Batzar Nazionalari, izaera horretako akordioak behin betiko onartzeko eskumena duen organoari, balorazioa egin dezan. Bilera 19:00etan hasiko da.

Horrela, aurreko legealdiko koalizio-ituna oinarri izan dute EAJk eta PSE-EEk, ekonomiari, bizikidetzari eta autogobernuari buruzko gai batzuen inguruan bi alderdiek zituzten desadostasunak alde batera utzi ostean. Hain zuzen, desadostasun horiek izan dira programa-akordioa lehenago adostea eragotzi dietenak.

Hala, 2016an estatus berria bezalako gaietan egin zuten bezala, bi alderdiek euren arteko desadostasunak jaso dituzte itunean, eta alderdi bakoitzak bere jarrera babestu ahalko du, horrek exekutiboari eragin gabe.

Testuinguru horretan, jeltzaleen Batzar Nazionalak abuztuaren 31n berretsiko du akordioa, eta gauza bera egingo dute militante sozialistek, kontsulta batean.

Bihar, abuztuak 28, amaituko da lehendakariaren inbestidura saiorako hautagaitzak aurkezteko epea, eta irailaren 3an egingo dute inbestidura-saioa, Eusko Legebiltzarrean.

Iñigo Urkullu jeltzaleaz gain, Maddalen Iriarte ere lehendakari izateko aurkeztuko dela baieztatu du EH Bilduk, duela lau urte egin zuen bezala. Alabaina, Iriarteren hautagaitzak ez du aurrera egiteko aukerarik, lehen bozketan Urkullu gehiengo osoz izendatuko baitute, aurreikuspenen arabera, EAJren eta PSE-EEren botoei esker.

Ekonomia eta enplegua, itun berriaren ardatz nagusiak

Itun publikoaren printzipioak bost orrialde ditu, eta ez da itun osoa. "EAJren eta PSE-EEren arteko akordiorako oinarriak, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko, zerbitzu publikoen eta gizarte-politiken defentsatik abiatuta, autogobernu gehiago eta hobea oinarri hartuta" izenburua du.

Ildo horretan, itunak osasuna bermatzearen eta gizarte-zerbitzuen sistema indartzearen aldeko apustua egiten du. Ekonomia- eta gizarte-eragileekin hitz egin nahi dute, enplegu eta susperraldirako hazkunde iraunkorrerako estrategia bat "premiaz" aurkezteko, langabezia-tasa berriro ere % 10etik behera uzteko, eta gizarte-politiken aldeko apustua egiteko, "inor atzean utzi gabe".

Azken helburu horretan diru-sarrerak bermatzeko erretaren erreformaren alde egin dute, bai eta hezkuntza hobetzearen, etxebizitza eskubidea zabaltzearen eta berdintasunaren alde ere.

Aldi berean, fiskaltza berrikusiko dela aurreratu dute, “aurrekoa baino ikuspegi progresiboagoarekin, zerbitzu publikoak indartzeko eta enplegua sortuko duen ekonomia sustatzeko”

Legealdiaren hasieran, bi alderdiak bat datoz baliabideak eta inbertsio publikoa bermatu behar direla. Horretarako, baliabideak berrantolatzea ideia ona dela deritzote, administrazioen arteko bikoizketak saihesteko, diru-sarrera berriak (Europakoak barne) sartzeko bide guztiak aztertzeko, iruzurraren aurkako borroka indartzeko eta zorpetze-politika "zorrotza" aplikatzeko.

Autogobernuaren atalean idazketa orokor baten aldeko apustua egin dute, "autogobernua eta Gernikako Estatutua osorik betetzea defendatzera eta belaunaldi berri baterako estatutu-itun berri bat lortzera" mugatzen dena.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena