Politika -

Eusko Jaurlaritza

EAJko Batzarrak eta PSE-EEko militanteek gobernu-akordioa berretsi dute

PSE-EEk barne-kontsulta egin du eta bozketan parte hartu duten militanteen % 93,15ek babestu dute EAJrekin koalizio-gobernua berriro osatzea.

Idoia Mendia PSEren barne-kontsultan botoa ematen. Argazkia: EFE
Idoia Mendia PSEren barne-kontsultan botoa ematen.
EAJko Batzarrak eta PSE-EEko militanteek berretsi dute gobernu-akordioa

1:3

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren Aberri Batzarrak eta PSE-EEren militantziak berretsi egin dute joan den astean bi alderdiek koalizio-gobernua osatzeko egin zuten akordioa.

EAJren Batzarrak arratsalde honetan egin du bilera eta aho batez onartu du ituna. Euskadiko Alderdi Sozialistak barne-kontsulta egin du eta bozketan parte hartu duen militanteen % 93,15ek eman diote oniritzia akordioari; % 5,65 kontra agertu dira; eta % 1,2k zuriz bozkatu dute.

Parte-hartzea % 58,49koa izan da; izan ere, PSE-EEk 5.115 militante ditu eta 2.992k hartu dute parte galdeketan.

Gaur goizean, botoa eman ondoren, Idoia Mendia buruzagi sozialistak esan du "arinegi" dela Eusko Jaurlaritza berriak izango dituen sailburuez eta egituraz hitz egiteko. Kazetariek galdetu badiote ere, Mendiak ez du argitu Gobernu berrian lehendakariorde izango ote den.

"Gaurkoa militantziaren eguna da, kontsulta eguna. Militantzia sozialistak zer esan behar duen itxaron beharko dugu, eta gero EAJrekin eta lehendakariarekin lan egingo dugu gobernu egitura zehazteko", nabarmendu du. 

Mendiaren esanetan, akordio programatikoa "bere azken muturretara zabaltzeko" erabili behar da.

Akordioa asteartean honetan sinatuko dute Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Eusko Legebiltzarrean. Inbestidura saioan ostegunean izango da.

BIDEOA | Mendia: "Gaur bozkatzen denak hurrengo lau urteak markatuko ditu"

Mendia: ''Gaur bozkatzen denak hurrengo lau urteak markatuko ditu''
Mendia: ''Gaur bozkatzen denak hurrengo lau urteak markatuko ditu''
Mendia: ''Gaur bozkatzen denak hurrengo lau urteak markatuko ditu''

2:01

Sailburuen izenak, ostegunean

Ostegunean inbestituko dute Urkullu, lehenengo bozketan, gehiengo osoz, EAJren 31 legebiltzarkideen eta PSE-EEren 10en botoekin. Aurkeztutako beste lehendakarigaia, Maddalen Iriarte (EH Bildu), ez da aurkaria izango, bere koalizioaren botoak baino ez omen dituelako eskuratuko.

Aurreikuspenen arabera, inbestiduraren ostean emango ditu jakitera Urkulluk sailburuen izenak. Larunbatean egingo du karguaren zina, Gernikako arbolaren azpian, Estatuko Aldizkari Ofizialean bere izendapena iragartzen duen Errege Dekretua publikatu ondoren.

Ekitaldi hori ez da aurreko urteetakoa bezalakoa izango, pandemia garaian pentsaezina baita Gernikako Batzarretxean jende asko biltzea.

Hurrengo astean jabetuko dira karguaz sailburu berriak, eta asteartean, irailaren 8an, egingo dute lehenengo gobernu bilera, aurreikuspenak betez gero.

Akordioaren gakoak

Orain arte, hitzarmenaren lerro nagusiak besterik ez dira ezagutarazi. Hurrengo egunetan, akordioaren detaileak jakinaraziko dituzte alderdiek.

COVID-19a izango da hurrengo Jaurlaritzaren lehentasun eta erronka nagusia. Aurre egin beharko dio, osasuna eta gizarte zerbitzuak bermatzeko, baita eragileen arteko elkarrizketa ere, ekonomia suspertzeko estrategia bat bilatzeko.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta aldatu eta progresibitatea handitzeko fiskalitatea aldatzearen alde daude EAJ zein PSE-EE.

Bi alderdiek autogobernua defendatzeko eta Estatutua osorik betetzeko konpromisoa hartu dute, baita "hurrengo belaunaldirako hitzarmen estatutario berri bat" izateko ere, "autogobernu gehiago eta hobea" lortzeko helburuarekin.

Hori da autogobernuaren etorkizunari egin dioten erreferentzia bakarra bi alderdien arteko akordioa iragartzeko zabaldutako komunikatuan. Hitzarmen osoan horri buruzko xehetasun gehiago biltzea espero da.

Orain dela lau urteko akordioan, bi alderdiek "beharrezkoa den euskal Estatutuaren berritzean bukatuko den prozesu bat sustatzeko" konpromisoa hartu zuten, bakoitzak bere posizioa defendatzeko askatasuna bermatuta.

Aurreko legegintzaldian, jeltzaleek hurrengo sailak izan zituzten, Bozeramaileaz gain: Gobernantza Publikoa eta Autogobernua; Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak; Segurtasuna; Hezkuntza; Osasuna; Enplegua eta Gizarte Politikak; Ogasuna eta Ekonomia, eta Kultura eta Hizkuntza Politika.

Sozialistek, berriz, hurrengoak izan zituzten euren esku: Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza; Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa, eta Lana eta Justizia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak