Politika -

MOBILIZAZIOAK

Funosas: "Mobilizazio fase berri baten abiapuntua izango da gaurkoa"

Bake prozesua "arriskuan" ikusten du Bake Bidea taldeak, eta "Aieteko Adierazpenaren ondotik hartutako konpromiso politikoak" bete ditzala eskatuko diote gaur, beste behin, Frantziako Gobernuari.

Anaiz Funosas, Bake Bidea taldeak joan den astean egindako agerraldia.
Anaiz Funosas, Bake Bidea
Anaiz Funosas, Bake Bidea taldeak joan den astean egindako agerraldia.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken urteotan bakearen eraikuntzan Ipar Euskal Herrian egin den "ariketa sozial sakona" berretsi eta prozesuarekin aurrera egiteko duen borondatea erakutsi nahi du gaur Bake Bidea elkarteak. "Aro berri bati hasiera" emango dion mobilizazio eguna antolatu dute, 'Kondena heriotzeraino? 30 urte aski da!' lelopean; 11:00etatik 13:00etarako tartean herri mailako mobilizazioak egingo dituzte Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hainbat herritan, eta, ondoren, autoen karabanak abiatuko dira Mauletik, Donibane Garazitik eta Hendaiatik Baionaraino. Bertan, elkarretaratzea egingo dute prefeturaren egoitzaren atarian.

"Kezkatuta" daude bakegileak, bake prozesua "blokeatuta" ikusten dutelako. Frantziako Gobernua ETAren armagabetzearen ostean emandako hitza ez dela betetzen ari azpimarratu du Anaiz Funosas (Baiona, 1979) Bake Bidea taldeko presidenteak. "Nola eraikiko dugu bake prozesua bi estatuek salbuespenezko neurriak ezartzen badituzte?", galdetu du.

Terrorismoaren aurkako legediak Frantzian izan duen garapenean izan den aldaketa da, Funosasen esanetan, bidean aurrera egiteko "oztopo nagusia". Fiskaltza berri bat sortu du Frantziako Gobernuak, Terrorismoaren aurkako Fiskaltza Nazionala, hain zuzen, eta azken urteotan "hainbat epailek ontzat eman dutena" ez du onartzen horrek, "lubakien aldeko apustua egin du eta mendekuaren ikuspegitik ari da garatzen bere prozedura". "Maluruski, harresi handi bat topatzen dugu hor; legearen aldetik posible dena, atzera botatzen du", azaldu du Funosasek.

Bake prozesua aitzineratzeko "alimaleko arriskuak" hartu dituela gizartearen zati handi batek, eta, orain, urratsak ematea Frantziako Gobernuari dagokiola uste du "bakearen artisauak". Horren hitzetan, gizarte zibilak hainbat ardura hartu ditu bere gain eta "prozesua usteltzen ez dugu utziko". Mendekuaren gainean emandako urratsak "antzuak" direla gaineratu du.

"Ekintzen zain"

Begirada ondorengo belaunaldietan jarrita eraiki nahi du prozesua Bake Bidea mugimenduak, "gatazkaren ondorioen kudeaketa" ezin baita ondorengoen esku utzi. "Bake iraunkor baten perspektiba ondorengo belaunaldiei helaraztea gure ardura da", zehaztu du.

Hala, hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea dela esan du. Bide horretan, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Igor Gonzalez Sola presoaren heriotzaren harira esandako hitzak eta Emmanuel Macron Frantziako gobernuburuak berriki Ipar Euskal Herriko bake prozesuaren inguruan adierazitakoak "ez dira gutxietsi behar" eta "hitz esanguratsuak dira", Funosasen iritzian, baina "memento honetan ekintzak" dira beharrezkoak. "Eman dira mugimendu batzuk azken egunotan, baina, hala eta guztiz, ez Frantziak eta ez Espainiak ez dute erabaki irmorik hartu auzi honi konponbidea emateko", horren esanetan.

Bake prozesuak Iparraldean duen "babes sozial eta politikoa" nabarmendu du, "eragile guztiek Aieteko bide orria azken bururaino" eraman nahi dutela adieraziz. Duela ia hamar urte marraztutako ibilbideari eutsiko diotela esan du.

Irailaren 24an bi hitzordu izango direla gogorarazi du Funosasek: Frederic Haranburu Xixtor euskal presoaren baldintzapeko askatasunaren dei auzia egingo da, batetik, eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunaren dei auziaren emaitza ezagutuko da, bestetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea Espainiako Gobernua argazkiak Presoak bideoak Frantzia bideoak Epaiketak albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Manifestazioak gaur Macron azken ordukoa Espetxeen albisteak gaur Zuberoa azken ordukoa Lapurdiko azken ordua Nafarroa Behereko azken ordukoa