Politika -
PSE-EE
Mendia: "Ahulenak erreskatatzeko aurrekontuak behar ditugu Espainian"
Pandemiaren ondorioak gainditzeko "elkarlana" eskatu die lehendakariordeak oposizioari eta eragile sozial zein ekonomikoei.
Agentziak | Erredakzioa
Espainia mailan “ahulenak” erreskatatzeko aurrekontuak behar direla azpimarratu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Pandemiaren ondorioak gainditzeko “elkarlana” eskatu die lehendakariordeak oposizioari eta eragile sozial eta ekonomikoei.
Euskadiko Ezkerrako Gazteen X. Biltzarra (JSE-Egaz) itxi du Mendiak Donostian. Victor Trimiño idazkari nagusi berri izendatu dute gazte sozialistek. Trimiñok Azahara Dominguez ordezkatuko du.
Espainian aurrekontuak izatea beharrezkoa dela nabarmendu du Mendiak. Aurrekontuen onarpena “PSOEren edo Gobernuko presidentearen garaipen bat” bezala ulertzea errefusatu du sozialisten buruzagiak.
“Hau ez da Pedro Sanchezen edo Alderdi Sozialistaren lorpena. Gizarte osoaren arrakastaz ari gara. Guztien erantzukizuna eta herri sena beharrezkoa da. Ez etiketarik jarri, herria aurrera ateratzeko elkarlanean hasi behar dugu”, esan du.
Bestalde, Euskadiko oposizioari eta gizarte osoari hitz batzuk eskaini dizkie lehendakariordeak. “Elkarlana nahi dugu, aurrera atera nahi dugulako, eta denok. Gehiengo osoz gobernatzearekin ez da nahikoa sozialistentzat. Euskadi berreraikitzeko ideiak ez daude soberan”, adierazi du.
“Ezertaz jabetu ez direnak” gogor kritikatu ditu Mendiak, pandemia egoera ulertu ez dutelako. “Herriaren etorkizunarekin ausarkeriaz jokatzea” leporatu die indar politiko batzuei, baina inor zehatz aipatu barik.
Sozialistaren ahotan, “alderdi batzuk arduragabekeriaz eta taktika etengabeaz demostratzen ari dira ezer eraldatzen eta hobetzen ez dakitela”.
Eusko Jaurlaritza berria osatu denetik aurreneko adierazpen publikoak egin ditu Mendiak. Lehendakariorde eta Lan sailburu izateko erantzukizunarekin “harro” agertu da, Iñaki Arriola eta Javier Hurtado sailburu sozialistak bezalaxe.
Exekutibo “indartsu eta anitz” baten “bide-orri argia” PSE-EEren hauteskunde programan jasota zegoela ziurtatu du Mendiak.