Politika -
Eusko Legebiltzarra
Oroimenaren Egunaz eztabaidatzeari uko egin diote alderdiek
PPk eta UPyDk zuzenketa bat aurkeztu dute, "Oroimenaren Egunaren hasierako helburua ez aldatzea eskatzeko". EAJko, PSEko, Aralarreko, EAko eta EBko bozeramaileek ez dute eztabaidan parte hartu.
Erredakzioa
PPk eta UPyDk Oroimenaren Egunaren jatorrizko izaera mantentzeko ekimena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, baina gainerako alderdiek osoko bilkuran eztabaidatzeari uko egin diote. Gai mota horiek Ganberara adostasun batekin heldu behar direla uste dute gainerako alderdiek.
Gorka Maneiroren (UPyD) jatorrizko testuari transakzio-zuzenketa bat aurkeztu diote PPk eta UPyDk, "Oroimenaren Egunaren hasierako helburua ez aldatzea eskatzeko". Edozein talde terroristako biktimei omenaldia egiteko eguna dela gogorarazi dute PPk eta UPyDk.
Oroimenaren Eguna iaz egin zen aurrenekoz, eta motibazio politikoko biktimak barneratzeko borondatea dagoela uste dute bi alderdi horiek.
EAJko, PSEko, Aralarreko, EAko eta EBko bozeramaileek ez dute eztabaidan parte hartu. Gai horiek txostenean eztabaidatu behar direla gogorarazi dute taldeek eserlekuetatik.
Adierazpenak
PPk terrorismoaren biktimak eta motibazio politikoko edo Poliziaren abusuen biktimak "sekula" ez dituela parekatuko ohartarazi du Marimar Blanco PPko ordezkariak.
Eztabaidatzeari uko egin dioten taldeek "demokraziaz gutxi ulertzen" dutela salatu du Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak. Terrorismoaren biktimetaz "bakarrik interesatzen zaienean" hitz egitea leporatu die.
Eusko Legebiltzarrean gai horri buruz eztabaidatzeko txosten bat eratu zutela gogorarazi dute gainerako alderdietako bozeramaileek. Gaurko eztabaida "desadostasuna" areagotzeko planteatu dela adierazi du Jesus Lozak (PSE).