Politika -

Eusko Alkartasuna

EAko 580 kritikok alderdiaren ezohiko batzarra deitzea eskatu dute

Bruno Zubizarreta, Esther Korres, Javier Estebanez eta Iñaki Sanchezek sinadurak aurkeztu dituzte alderdiaren Iruñeko egoitzan.

Bruno Zubizarreta, Esther Korres, Javier Estebanez eta Iñaki Sanchez EAko egoitzan, Iruñean. EFE
Bruno Zubizarreta, Esther Korres, Javier Estebanez eta Iñaki Sanchez EAko egoitzan, Iruñean. EFE
Bruno Zubizarreta, Esther Korres, Javier Estebanez eta Iñaki Sanchez EAko egoitzan, Iruñean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alkartasunako Iruñea, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako koordinatzaile lokalek 580 sinadura aurkeztu dituzte, zuzendaritza nazionalari ezohiko batzarra deitzea eskatzeko. Alderdiak EH Bildu koalizioan duen "tokia" erabaki nahi dute kritikoek.

Bruno Zubizarreta (Bilbo), Esther Korres (Iruñea), Javier Estebanez (Donostia) eta Iñaki Sanchezek (Gasteiz) sinadurak aurkeztu dituzte alderdiaren Iruñeko egoitzan. Alderdiaren estatutuek ezarritako sinadura kopurua "aise gainditzen" dutela uste dute.

Peio Urizarrek dimisioa eman ondoren, Eba Blanco EAko idazkari nagusi izendatu zuten, baina izendapena bertan behera geratu zen epai irmo baten zain. EAko estatutuen 34 b artikulua betetzeko eta ezohiko batzarra deitzera behartzeko sinadurak bildu behar zituztela iragarri zuen talde kritikoak duela aste batzuk.

"Afiliatuei bizkarra emanda jokatzen ari dira etengabe"

Zentzu horretan, Eusko Alkartasuna "noraezean" dabilela deitoratu du Esther Korresek "triste eta harrituta", "afiliatuei bizkarra emanda jokatzen ari direlako etengabe".

2017ko biltzarrean, alderdikideen % 80k txosten politikoa onartu zutela gogorarazi du Korresek. "Gure herriaren erronka handiei heltzeko gure aukera sozialdemokrata eta abertzalea sendotzearen garrantzia", azpimarratu zutela erantsi du, "eta horretarako EH Bildun koalizio eredu bezala parte hartu behar genuela".

Baina "ez da horrela gertatu, eta EAko zuzendaritzak akordioa sistematikoki urratu du", nabarmendu du.

Bestalde, alderdiaren zuzendaritzak afiliatuen fitxategia "botere ilun baten tresna gisa erabili du", kritikatu duenez. EAko buruzagiek ezin izan dute ikusi; EH Bilduko agintariek bai, ordea; "guretzako erabat onartezina da".

Zuzendaritza nazionala 'ez da oztopo bat izango'

Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak esan du Zuzendaritza nazionalak alderdiaren "estatutuak betetzen jarraituko duela" eta "ez dela oztopo bat izango ezohiko batzar bat egiteko, eskaerak baldintzak betetzen baditu".

Ruiz de Eginok "errespetua" adierazi die afiliatu guztiei eta "alderdiaren estatutuen baitan hasi ahal duten edozein ekimeni". Esan duenez, "argi zehazten ditu ezohiko batzar bat deitzeko beharrezkoak diren baldintzak". Gainera, Eba Blanco idazkari orokorra "ez dela inoiz oztopo bat izango" azpimarratu du.

"Hala ere, ez dugu uste eskaera horrek zentzu asko duenik, 2021ean egin behar dugun ohiko  batzarraren atarian gaudelako, are gehiago osasun krisiaren agertokian".

"Auzitegietan ez dutenez euren helburua lortu, hau da, alderdiaren eta kargu publikoen kontrola eskuratzea, afiliatuen talde honek orain egi erdietan eta gezurretan oinarritutako estrategia baten bitartez lortu nahi du, EA eta, beraz, EH Bildu kaltetzearen kontura", esan du.

Bozeramaileak alderdiko "sektore kritikoari" eskatu dio "epaiak errespetatzeko eta leialtasunez lan egiteko EA eta, beraz, EH Bildu sendotzean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu EA Eguneko albisteak Albisteak Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea