Politika -

Eusko Legebiltzarra

EAJ, PSE-EE eta PPk errefusatu egin dute Espainian "monarkia kentzeko" proposamena

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako proposamenak errege emerituaren "ustezko delituak" argitzeko ere eskatzen zuen.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak errefusatu egin du, EAJren, PSE-EEren, PSE-EEren, PP+Cs-en eta Voxen botoekin, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako ekimen bat, Espainiako Estatuan "monarkia kentzea" eta errege emerituak egindako "ustezko delituak" argitzea eskatzen zuena.

Bi alderdiek proposatutako testuak Ganberaren ezezkoa jaso du, Elkarrekin Podemos-IUk proposatuta Espainiako monarkiaz egin duten eztabaidan. Azkenean, alderdi moreak zuzenketa bat adostu eta aurkeztu du EH Bildurekin batera.

Bi alderdiek adostutako ekimenak "Espainiako Estatuan monarkia amaitzea" eskatzen zuen, eta "errege emerituaren ihesari buruzko gardentasuna", "ustelkeriagatik, zergak ez ordaintzeagatik eta dirua zuritzeagatik ikertzen" ari baitira. Horren harira, "ustezko delituak bide judizialetan argitzea" defendatzen zuten testuan.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkideak salatu du errege emerituaren "ihesaldia ekintza onartezin eta kasu askotan legez kanpokoen segidaren azken atala da".

Bestalde, Jasone Agirre EH Bilduren ordezkariak azpimarratu du Espainiako monarkia "Francoren azken oparia" izan zela, eta Konstituzioaren "pack berean" sartutako Estatu buruzagitza eredua dela, herritarrei "galdetu gabe".

EAJren izenean, Joseba Egibarrek ohartarazi du Eusko Legebiltzarra ez dela gai hori jorratzeko lekua. Hala ere, gogorarazi du Diputatuen Kongresuan errege emerituaren jarduerak ikertzeko batzorde baten sorkuntza babestu duela, baina PPk, Ciudadanosek eta PSOEk "blokeoa" ezartzen dutela.

Txarlie Prieto PSE-EEren legebiltzarkideak "harridura" agertu du Elkarrekin Podemos-IUk ekimen hori Legebiltzarrean aurkeztu duelako. Buruzagi sozialistak adierazi du koalizio morearen proposamenak "burutazio maila ere ez" duela.

PPri dagokionez, Carmelo Barriok esan du Elkarrekin Podemos-IU itsututa dagoela monarkiarekin, eta gogorarazi du EAJko kide asko "ukalondokadaka" ibiltzen zirela Juan Carlos I.arekin argazkian ateratzeko EAEra joaten zenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Juan Carlos I.a Eusko Legebiltzarra Espainia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi