Politika -

KORONABIRUSA

Euskadiko COVID datuei buruz "gezurra esatea" leporatu dio Urkulluk Casadori

100.000 biztanleko 500 kutsatu baino gehiago dituela Euskadik idatzi zuen larunbatean PPko buruzagiak Twitterreko bere kontuan. Gaur Urkulluk erantzun dio hori ez dela horrela: 261,88 direla.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiren COVID datuei buruz "gezurra esatea" leporatu dio Pablo Casado PPren presidenteari. Izan ere, atzo txio polemiko bat idatzi zuen Espainiako popularren buruak, Euskadik 100.000 biztanleko 500 kutsatu baino gehiago zituela adieraziz, eta beraz, Madrilekin geratzen ari denarekin konparatuta, "mesede" egiten ari zitzaiola Espainiako Gobernua.

Horren aurrean, sare sozialen bidez erantzun dio Urkulluk ere eta "benetako datua" 100.000 biztanleko 261,88 kutsaturena dela adierazi dio.

"Ezin dut onartu Euskadiko datuekin etengabe gezurretan ibiltzea" deitoratu du Urkulluk, "utzi iezaiozue koronabirusarekin eta Euskadirekin politika egiteari" izenburupean argitaratu duen oharrean.

EAErekin batera, Nafarroak ere 100.000 biztanleko 500 kutsatutik gora dituela salatu zuen Casadok bere argitalpenean eta ia 24 ordu beranduago, Twitterren duen kontu pertsonalean lehen txioa izaten jarraitzen du, espresuki horrela izateko izendatu duelako.

"EAEn 100.000 biztanle baino gehiago dituen inongo udalerri ez dago 500eko zifra horren gainetik" berretsi du Urkullu lehendakariak eta hiru hiriburuen datuak eman ditu: 100.000ko 287,2 kutsatu Gasteizen, 214,8 Bilbon eta 259,2 Donostian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza EAE Espainia bideoak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Pablo Casado Blanco Koronabirusa