Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Maddalen Iriarte: "Prebentzio gehiago eta inprobisazio gutxiago behar da"

EH Bilduren bozeramaileak azpimarratu duenez, "oposizioa egitea zaila izaten ari da". Halaber, bere koalizioak lehendakariarekin ez duela "harreman esturik" deitoratu du.

Maddalen Iriarte (EH Bildu). Argazkia: Radio Euskadi
Maddalen Iriarte
Maddalen Iriarte (EH Bildu). Argazkia: Radio Euskadi

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak asteazken honetan Radio Euskadiko Boulevard saioan deitoratu duenez, bere koalizioak "ez du harreman esturik" Iñigo Urkullu lehendakariarekin. "Bi aldiz hitz egin dut berarekin lau urtean, beti nik eskatuta", ziurtatu du. Ildo horretatik, Madrilen, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin, eta Nafarroan, Maria Chivite Foru Gobernuko presidentearekin jarrera bestelakoa dela esan du, EH Bilduk haiekin hitz egiteko aukera izan baitu. 

EH Bilduren bozeramaileak azpimarratu duenez, "oposizioa egitea zaila izaten ari da", koalizioak "proposamen gauzagarriak" aurkezten dituelako eta oposizio "eraikitzailea" egiten duelako; baina "guztiari ezetz" erantzuten dion "hormigoi armatuzko horma batekin" egiten du topo koalizioak.

EAJk "auzolana" egiteko deia egin du behin eta berriro. Testuinguru horretan, "auzolanaz hitz egiten dugunean, argi izan behar dugu ez dugula erabateko atxikimendurik izango", erantzun du Iriartek. Bere iritziz, Eusko Jaurlaritza oso ohituta dago "euren jarrerekin bat egitera, baina EH Bilduk gauzak aldatu nahi ditu".

COVID-19ak eragindako pandemiari dagokionez, Iriartek ohartarazi du "oso irakurketa baikorra" egiten ari direla koronabirusaren datuei buruz, baina oso kezkagarriak direla. "Jakin badakit oso zaila dela birusari aurrea hartzen saiatzea, baina baheketa masiboak egin behar dira, emaitzak hobeak izan daitezkeela uste dut". EH Bilduk, epe laburreko konfinamendua eskatu zuen bere garaian, eta kutsatzeen datuak "azkar" jaitsi ahal izateko "neurri murriztaileagoetan" pentsatzen jarraitzen du.

Azkenik, Andoni Aldekoa (Urkulluren eta Azkunaren laguntzaile ohia) EiTBko zuzendari nagusi berria izango dela eta, Iriartek (EiTBko kazetari ohiak) honakoa esan du: "Behin alderdi batekin kontaktu zuzena izanda, itzulerako bidea itxi egiten da. Behin EH Bildun egon ondoren, ez nuke inoiz pentsatuko EiTBko zuzendari nagusi izatea. Aldekoa jaunaren gaitasun profesionala zalantzan jarri gabe esaten dut hori". Aldekoaren izendapenarekin, "EiTB markatuta dago, alderdiarekin hain lotura zuzena izatea ez da ona EiTBrentzat; euskal herritar guztiona baita. EITBko profesionalek ardura-karguak lortzeko urratsak eman behar ditugu", gaineratu du.

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du:

"Hace falta más prevención y menos improvisación: adelantar los cribados masivos"
"Hace falta más prevención y menos improvisación: adelantar los cribados masivos"
"Hace falta más prevención y menos improvisación: adelantar los cribados masivos"

play icon 21:40
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Telebista publikoa Alderdi politikoak Telebista EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte EITB Taldea Koronabirusa