Politika -
Auzitegi Gorena
Gorenak berretsi du PPk etekin ekonomikoa lortu zuela Gurtel sarearekin
Hala eta guztiz ere, gehiegizkotzat jo ditu Auzitegi Nazionalak 'B kutxa'ren inguruan egindako aipamenak, gai hori ez zelako epaitzen, eta ez zegoelako akusazio eta defentsarik.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Gorenak berretsi egin du PPren aurkako zigorra Gurtel sarearekin etekin ekonomikoa lortzeagatik, eta 245.492 euro ordaintzera behartu du. Hala ere, gehiegizkotzat jo ditu Auzitegi Nazionalak 'B kutxa'ren inguruan egindako aipamenak, gai hori ez zelako epaitzen, eta ez zegoelako akusazio eta defentsarik.
Hori zen Zigor Aretoak aztertu behar zuen gai korapilatsuenetako bat, eta hein batean onartu egin du PPren helegitea, baina ez du ondorio praktikorik. Auzitegia ez da ebazpenean egiaztatutzat eman ziren gertakariak aldatzen hasi, eta ez du aipatzen Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuaren aurkako zentsura mozioa eragin zuela.
Auzitegiak frogatutzat jo zuen alderdiak gutxienez 1989tik B kutxa bat zuela, "ofizialaren pareko" egitura "finantzario eta kontablea", sare ustelaren ekarpenez hornitua, nahiz eta epaiak magistratu baten boto partikularra izan.
Bere helegitean, PPk argudiatu zuen auzitegiak beharrezkoak ez ziren baieztapenak sartu zituela B kutxarekin lotuta, eta alderdiari epaitzen ez zen delitu bat egotzi ziotela.
Epaileen arabera, "PPk delitua egiten duela esatea ez da erraza, prozesu honetan erantzukizun penalagatik epaitu ez dutenean".
Baina gaineratzen dutenez, "inola ere ez da gaitzesgarria epaitutako gertaerak zer testuingurutan gertatzen diren konfiguratzeko Alderdi Popularrarekin lotutako frogabide ezberdinen emaitza aipatzea".
Barcenas eta bere emaztea aipatu ditu puntu horretan, Libertad Digitalen akzioak erosteko B kutxatik 149.600 euro hartu zituztelako.
Hemen, Aretoak azpimarratu duenez, Auzitegiak kargu-froga balioduna eta nahikoa izan zuen "bai 'B kutxa' bat zegoela ondorioztatzeko, bai PPren kontabilitate 'estrakontablea' zegoela ondorioztatzeko (helegitea jarri duenak kontrolerako eta erabilgarritasunerako gaitasun osoa zuen), bai hark egiaztatutako ahalordetze-ekintzak ondorioztatzeko, funts horretatik eratorritako 149.600 euroen erabilera barne".
PPri gogorarazi dio dirua epaiketaren aurretik itzuli izan balu ez zela beharrezkoa izango alderdia epaitzea, hirugarren mailan daudenak ez baitira errudunak, erantzule zibilak baizik, eta, beraz, bere betebehar zibila iraungiko zen.
Baina orain, dirua zuzenean eta modu solidarioan ordaindu beharko du beste zazpi kondenaturekin batera: Guillermo Ortega eta Jesus Sepulveda; Francisco Correa, sarearen burua; Carmen Rodriguez, emazte ohia; Pablo Crespo, "bigarren" gisa hartua; eta Juan Jose Moreno eta Jose Luis Peñas, Majadahondako zinegotzi ohiak.
Antzeko egoera du Ana Mato Osasun ministro ohiak ere. Gorenak 27.857 euro ordaintzeko zigorra berretsi dio, Grupo Correak bere senarrari, Jesus Sepulvedari, eta bere familiari eskainitako bidaia eta zerbitzuengatik, urtebetetze eta jaunartze ospakizunak barne.
Epaiak dioenez, egiaztatuta geratu da Sepulvedak, esleipenengatik eskudirua jasotzeaz gain, hainbat gauzaz jaso zituela ordainketak, Ana Matok irabazitakoak, batzuk zuzenean (Louis Vuittonen opari bat) eta beste batzuk zeharka edo gauzaz.
Bestalde, Gema Matamoros Ortegaren emazteak 45.066 euro itzuli beharko ditu.