Politika -

Nafarroako Parlamentua

Chivitek gobernatzeko babesari eusten dio, baina hainbat kritika jaso ditu

Datorren urteko Aurrekontuak onartzeko abstentzioa eskaini dio Navarra Sumak Maria Chivite presidenteari, baina EH Bilduren babesa jasotzeari uko egin diezaiola jarri dio baldintza gisa.

Maria Chivite Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Maria Chivite Nafarroako Parlamentuan.
Maria Chivite Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Politika orokorreko eztabaidaren lehen saioa egin dute ostegun honetan Nafarroako Parlamentuan, publikorik gabe eta edukiera mugatuta, pandemia dela eta.

Nafarroako Gobernuak taldeen gehiengoaren babesari eusten dio, baina hainbat kritika jaso ditu, eta ez soilik Navarra Sumaren aldetik.

Koronabirusaren ondorioz hil diren guztiak gogoratuz eta osasun sektoreko eta zaintza arloko beharginen lana eskertuz abiatu du bere agerraldia Maria Chivitek.

Bizikidetza eta aniztasuna oinarri izango dituen eredu berritzailea eta berdinzalea defendatu ditu eta pandemiari zientziaren eskutik aurre egin behar zaiola azpimarratu du. Horretarako akordioetara heltzeko borondatea izan dezatela eskatu die gainerako taldeei, zilegi diren ezberdintasunei uko egin gabe.

"Ez dugu hildakorik nahi, ez dugu prekarietaterik nahi, ezta soldata-arrakalik eta pobreziarik; eta polarizaziorik, liskarrik eta tentsio politikorik eta sozialik ere ez dugu nahi", adierazi du. "Ziurgabetasuna nagusi den garai honetan, lasaitasuna eta ziurtasuna transmititu behar dugu", erantsi du.  

Departamentu bakoitzean burututako lanari errepasoa egin ostean, Chivitek esan du Nafarroako Gobernuaren politikak 2030 Agendarekin bateratuta daudela eta digitalizazioa, itun berdea eta inklusioa bilatzen dutela.  

Aitortu du COVID-19ak eragindako osasun krisiak plan asko baldintzatu dizkiola, baina berretsi egin du osasuna eta zerbitzu publikoak indartuko dituela eta ekonomia berritzailea eta inklusiboa bultzatuko duela, pertsona zaurgarrienen mesedetan eta hazkunde jasangarriaren alde.

Alabaina, Javier Esparza Navarra Sumako buruzagiaren esanetan, Chiviteren Exekutiboak aurreko Gobernuaren "jarraipena da, politika abertzalea egiten du eta ez du kudeaketarako ahalmenik erakutsi 15 hilabeteotan". Lidergorik ez duela eta Gobernuak "beste batzuek" zuzentzen dutela ere aurpegiratu dio.

Hala ere, datorren urteko Aurrekontuak onartzeko abstentzioa eskaini dio, "Nafarroa EH Bilduren menpe egon ez dadin".

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak ere kritikatu du Chiviteren gobernatzeko modua, hartzen dituen neurri askoren berri komunikabideen izan dutela salatuta. Pandemiak kaltetutako sektoreentzat, tartean ostalarientzat, laguntzak eskatu ditu eta Nafarroa berreraikitzeko kaltetuekin hitz egin dezala galdegin dio.

Halaber, Nafarroa Suspertzeko Planaren baitan "neurri ausartak" falta direla esan du, eta AHTa bezalako proiektuak gizarte justuago eta kohesionatuago bat eraikitzeko asmoarekin bateragarriak ez direla nabarmendu du.

Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak, berriz, kontrako irakurketa egin du eta deia egin du "liskarrak albo batean uzteko" eta gizartearen mesedegarri izango diren akordioak egiteko.

Pandemiaren aurrean Chivite "makurtu" ez  zela eta "neurri gogorrak, baina ezinbestekoak" hartu zituela esan du. "Hau guztia ez da inoren errua, baina honetatik ateratzeko denok batera egongo behar dugu", erantsi du.

Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak babestu egin du koronabirusari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak ezarritako neurriak, baina erabakiak hartzerakoan Estatuarekiko menpekotasuna apurtu beharra dagoela esan du.

Horrez gain, kezkatuta agertu da Navarra Sumak Chiviteri eskaini dion "txeke zuriagatik", eta autogobernua defendatu du, Madrilera horrenbeste begiratu beharrean eta Nafarroa "Estatuaren gorabeheratik" kanpo eraikitzeko.

Mikel Buil Podemosen bozeramaileak "hitzarmen soziala" aztertu beharra dagoela adierazi du, "herritarrek askatasunei uko egin eta betebehar sozialak bere gain hartuta, beren biziraupena bermatuta izan dezaten".

Builek ohartarazi du Gobernua "zerbait gaizki" egiten ari dela, kutsatze kopuruak goraka segitzen duelako, "neurriak gero eta murriztaileagoak direnean".  

Marisa de Simon Izquierda-Ezkerra taldearen bozeramaileak zerga-sistema erreforma dezala eskatu dio Chiviteri, pandemiak eragindako beharrizanei aurre egiteko. Halaber, politika sozialak abiatzea ezinbestekotzat jo du, "arazo estrukturalak konpontzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Bizkaiko Foru Aurrekontuak Navarra Suma koalizioaren albisteak María Chivite