Itxi

Politika

ETA-REN ADIERAZPENA

Lehendakariak 'batasuna eta ausardia' eskatu ditu egoera berrian

Erredakzioa

Alderdi politikoekin, sindikatuekin, enpresariekin, ETAren biktimekin eta bestelako eragile sozialekin bilduko dela jakinarazi du, "zabaldu den aro berria" aztertzeko.

08:46
ETAren komunikatua: Patxi Lopezen adierazpen osoa

Patxi Lopez lehendakariak iragarri du instituzioetan ordezkaritza duten alderdi politiko eta koalizio guztiekin bilerak deituko dituela, "aro berri honetan batasun handiena" lortzeko asmoz. Alabaina, "lasaitasuna eta zuhurtzia" eskatu ditu, "akatsik ez egiteko".

Patxi Lopezek ez-ohiko Gobernu Bilera deitu Lehendakaritzan, ETAk jarduera armatua amaitutzat eman ostean ireki den testuinguru berria aztertzeko eta ondoren agerraldia egin du, Jaurlaritzako sailburu guztiak alboan zituela.

Alderdiekin biltzeaz gain, sindikatuekin, enpresariekin, ETAren biktimekin eta bestelako eragile sozialekin batzartuko dela ere jakinarazi du. "Elkarrenganako errespetuan eta askatasunean oinarritutako elkarbizitza guztion artean eraiki behar dugu", erantsi du.

Bestalde, aurreko legegintzaldietako lehendakariei aholkua eskatuko diela esan du, "ezagupen eta esperientzia handia dutelako". Ildo berean, Espainiako Gobernuarekin "elkarlanean" aritzeko prest agertu da, "indarkeriaren garaia atzea uzteko eztabaidagaiak "kudeatzeko eta bideratzeko".

Ezker abertzaleari aipu eginez, "orain arte demokrazian egon nahi izan ez duten pertsonak berreskuratzearen alde" egin du.

Bileren edukia

Lehendakariak aurreratu du berehala deitu duen aipatu bilera-sortan "elkarbizitzarako eskubidea" izango dutela eztabaidagai nagusia. Kazetarien galderak erantzunez, batzarrak publikoak izango direla esan du, baina, "emaitzak lortu nahi badira", bileretan hitz egingo dutena ez dutela "une oro zabalduko" nabarmendu du.

"Pilota orain mundu guztiaren teilatuan dago", ohartarazi du; izan ere, "aro berria sendotzeko ardura guztiona da". Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak ez du onartuko "batzuek beste aldera begira egotea eta konpromisorik hartu gabe dena exijitzea".

"Elkarrizketak hasi aurretik ez dut nahi inolako kritikarik eta ika-mikarik piztea", adierazi du. Datozen asteetan "iritzi-leherketa bat" izango dela esan du eta "lasaitasuna eta zuhurtzia" eskatu ditu. "40 urtetako terrorismoa ez da egun batzuetan amaituko", erantsi du.

Bake Plana

Irakurri duen adierazpenean, lehendakariak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen askatasunerako eta elkarbizitzarako "ibilbide orria" berretsi du. Proposamen horren puntu batzuk azaldu ditu: gertatutakoaren "egiazko kontaketa" egitea, terrorismoaren biktimen errekonozimendu publikoa eta ETA "baldintzarik gabe" amaitzea, besteak beste.

Era berean, kartzela politika "adostasunez" eta "malgutasunez" aldatzea eta presoak "pixkanaka" Euskal Herrira gerturatzea proposatzen du ibilbide orri horretan.

Errekonozimendua

Lehendakariak esan du "zorioneko eguna" eta askatasunerako bidean geratu diren guztien lana errekonozitzeko eguna dela.

"Terrorismoaren amaiera pertsona libreek terrorismoaren biktimei egiten diegun omenaldia da", azpimarratu du lehendakariak. Era berean, eskerrak eman dizkio euskal gizarteari, "terroreari aurre" egiteagatik, biktimei, "xantaia pairatu" duten pertsonei, polizia guztiei eta Ertzaintzari bereziki.

Horiez gain, "mehatxupean" lan egin duten epaileak, fiskalak, kazetariak, irakasleak, enpresariak, Espainiako gobernuak eta aurreko lehendakariak ere izan ditu gogoan. Azken horiekin, gainera, bilera bat egingo duela iragarri du, "haien esperientziak eta jakintzak" garai berrirako balioko duelako.

"Euskadin ez dugu bi alderen borroka eduki: askatasunak totalitarismoaren kontra izan duen borroka izan da. Gure gatazka gutxiengo fanatiko batek sortu du, demokraziari eta gure gobernuari eraso egin diolako", azpimarratu du lehendakariak.

Patxi Lopezek azaldu duenez, iragana gainditzeko "begirada etorkizunean" jarri behar da, baina "memoria argiarekin" bizitako "zorigaitza errepika ez dadin".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena