Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Urkulluk "akordio esparru posibleak" biltzen dituen dokumentua eman die alderdiei
"Akordioaren aukerak mahai gainean daude. Ikusiko dugu non dauden akordiorako aukera gehien", esan du Zupiriak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak dokumentu bat eman die Eusko Legebiltzarreko alderdiei, bere Gobernuaren programaren eta uztailaren 12ko hauteskundeetan alderdi bakoitzak aurkeztu zuenaren artean dauden "akordio esparruak" jasotzen dituena.
Hala jakinarazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Gobernu Kontseiluaren ostean lehendakariak gainerako alderdiekin egindako aldebiko bileren inguruan galdetu diotenean. Bilera horiek atzo amaitu ziren.
Zupiriak azaldu duenez, Urkulluk "alderdi bakoitzaren hauteskunde-programak aztertzeko ahalegina egin du, Eusko Jaurlaritzaren programarekin bat datozen puntuak bilatzeko asmoz", eta alderdi bakoitzari "akordio esparru posible horiek zehazten dituen dokumentu bat" eman dio.
Bozeramaileak esan duenez, bileretan "elkarrizketa argia" izan zen, eta Eusko Jaurlaritzak alderdiekin duen harremanak "irekita jarraitzen du", Legebiltzarrean "izan daitezkeen bileren" bidez, lehendakariak lau hilean behin egin nahi dituen errondetan edo Jaurlaritzak edo taldeek egokitzat jotzen duten "edozein unetan".
"Akordioaren aukerak mahai gainean daude. Ikusiko dugu non dauden akordiorako aukera gehien", esan du Zupiriak, eta azpimarratu du "hain une delikatuan gizarteak konfrontazioa saihestea eskatzen duela", eta oinarri horrekin "planteatu zuela lehendakariak alderdiekin erronda egitea".