Politika -

EAE-KO AURREKONTUAK

EH Bilduk ez ditu EAEko aurrekontuak babestuko, "ezer ere ez aldatzeko"

Maddalen Iriarteren esanetan, "gauza berak eginda toki berera" iristen da. Horren aurrean, politika publikoen erdigunean pertsonak eta horien interesak jartzea aldarrikatu du.

Maddalen Iriarte (EH Bildu). Artxiboko argazkia: EFE
Maddalen Iriarte (EH Bildu)
Maddalen Iriarte (EH Bildu). Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk ez ditu Eusko Jaurlaritzaren 2021eko aurrekontuak babestuko "ezer ere ez aldatzeko", "gauza berak eginda toki berera" iristen dela iritzita. Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak "politika publikoen erdigunean pertsonak eta horien interesak" jartzea aldarrikatu du.

"Orain aurrekontuen inguruko eztabaida hastear daukagun honetan, gauza bat argi utzi nahi dugu: gurekin kontatu nahi duenak jakin behar du bere borondatea bada aurrekontuak egitea ezer ere ez aldatzeko, EH Bildu ez dela hor egongo", esan du Maddalen Iriartek "Eraldatu ala kolapsatu. Klima larrialdi garaietarako politika" lelopean EH Bilduk antolatu duen jardunaldiaren hasieran. Maddalen Iriartek ez ezik, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak ere parte hartu du modu telematikoan egin duten jardunaldian.

"Gobernuek eta horiek sostengatzen dituzten alderdiek COVID-19ak uzten digun lezioa ikasi badute, badakite orain arte egindako gauza berak egiten badituzte leku berera iritsiko garela eta hori ezin da irtenbidea izan", esan du Iriartek hitzaldian.

"Pertsonak eta horien interesak politika publikoen erdigunean jarrita etorriko da konponbidea, diru publikoa ipinita gehiengoaren interesen defentsan, zerbitzu publikoetan, osasungintzan, hezkuntzan eta zaintzan", gaineratu du.

"Gizarte modernoa eta aurreratua eraiki behar da, ingurumenaren zaintza politika publikoen erdigunean egongo dena", azpimarratu du.

"Arduraz jokatzeko unea da, egoera zail honetatik ateratzeko lehentasunak zeintzuk diren argi izanda, eta EH Bilduk oso argi ditu", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra bideoak Alderdi politikoak Ekonomia berriak EH Bildu Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea EH Bildu bozeramailea Aurrekontuen azken ordukoa