Politika -
Auzitegi Nazionala
Bizkaian astelehenean atxilotutako ATAko bi kideak kartzelara bidali ditu epaileak
Valentina Morisolli eta Gaizka Astorkizaga espetxeratzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak Muxikako eta Foruko tren geltokietan egindako sabotaje ekintzengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali ditu Bizkaiko bi tren geltokitan ustez sabotaje ekintzak egiteagatik astelehenean atxilotutako bi pertsonak, Iñaki Bilbao Goikoetxea ETAko presoa goretsi dutelakoan.
Iturri judizialek jakitera eman dutenez, behin-behineko kartzela zigorra ezarri die epaileak biei, kalte delitua, terrorismoa gorestea eta talde armatu batekin kolaboratzea egotzita.
Ikerketarekin lotutako iturrien arabera, 20 egunez gose greban egon ostean ospitaleratutako Iñaki Bilbaoren aldeko kanpaina baten baitan egon litezke ekintza horiek.
Atxiloketen berri eman dutenean, ATA mugimenduak bi atxilotuen izenak zabaldu ditu, haien familiekin hitz egin ondoren. Hain zuzen ere, Galdakaoko Usansolo auzoan bizi den Valentina Morisolli eta Gaizka Astorkizaga ETAko preso ohia, Ibarrangelun bizi dena, dira atxilotuak. Biak ala biak Amnistiaren aldeko mugimenduko eta ATAko kideak dira.
Epaileak argitu du Muxikako eta Foruko tren geltokietan azaroaren 10ean eta 12an egindako sabotaje ekintzengatik eraman dituztela kartzelara.