Politika -

Hezkuntzaren erreforma

'Celaa Legea' onartu dute Kongresuan, ERC, EAJ eta Mas Paisen babesarekin

Lege berriarekin gaztelerak komunikazio-hizkuntza izateari utziko dio eta horrek eragin du eztabaida handiena. Itunpeko ikastetxeen harira ere ika-mika izan da.

Isabel Celaa Kongresuan. Argazkia: EFE
Isabel Celaa Kongresuan.
Zer aldaketa dakartza hezkuntza-lege berriak eskolan?

2:10

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma onartu dute arratsalde honetan Kongresuan, PSOE, Unidas Podemos, ERC, EAJ eta Mas Paisen babesarekin.

Kontra bozkatu dute PPk, Ciudadanosek, Coalicion Canariak, CUPek, PCRk eta UPNk. EH Bildu, JxCat, BNG eta Teruel Existe abstenitu egin dira. Celaa Legearen tramitazioak Senatuan jarraituko du orain.

Testu berriaren arabera, gaztelerak ikastetxeetan komunikazio-hizkuntza izateari utziko dio eta aurrerantzean Estatuko gainerako hizkuntzak ere komunikazio-hizkuntza izango dira. Aldaketa horrek eskuineko taldeak haserrarazi ditu eta Alderdi Popularrak, Ciudadanosek eta Voxek dagoeneko iragarri dute Auzitegi Konstituzionalera joko dutela lege horren aurka.   

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Zein aldaketa ekarriko ditu Celaa Legeak?

Beste hainbat aldaketa ere ekarriko ditu Espainiako Gobernuaren erreformak, besteak beste, ondoko hauek: 0 eta 3 urte arteko haur-eskoletan plaza gehiago esleituko dituzte; erlijioa ez da kontuan hartuko bataz besteko nota ezartzerakoan; itunpeko ikastetxeetan galarazita egongo da neskak eta mutilak bereiztea; salbuespen kasuetan soilik errepikatuko da ikasturtea; eta batxilergoan laugarren eredu bat ezarriko dute, orokorragoa.

Kongresuko Hezkuntza Batzordean 600 zuzenketa baino gehiago baztertu zituzten, eta gaurko saioan horietako bat bakarrik onartu dute, Mas Paisek eta Compromisek aurkeztutakoa, hain zuzen ere. Balore Etikoen irakasgaian kultura fiskala ematea eskatu dute. PSOEk, Unidas Podemosek, ERCk eta JxCatek proposamena babestu dute.

Euskara, katalanera eta galizieraren mesedetan gaztelerak ikastetxeetan komunikazio-hizkuntza izateari utziko diola eta, oposizioko talde askok gogor kritikatu dute Espainiako Gobernuaren egitasmoa. Eskuineko alderdiek esan dute "eskubideak murrizten" eta independentismoari indarra ematen ari direla.

Itunpeko ikastetxeen harira ere eztabaida sutsua izan da. Eskuineko taldeen kritiken aurrean, ezkerreko alderdiek ukatu egin dute Celaa Legeak eredu horren kontra egiten duenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Hezkuntza legea Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza