Publizitatea
Itxi

2020/11/20

10:41

Politika

Gomendioak

Pentsioa eta KPI berriz lotzen dituen Toledoko Ituna babestu du Kongresuak

Agentziak | Erredakzioa

Txostena aldeko 262 boto, kontrako bi eta 78 abstentziorekin berretsi du Diputatuen Kongresuak. PSOEren eta PPren aldeko botoek bat egin dute bozketan. VOXek eta CUPek, ostera, aurkako boza eman dute.

  • Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE

    Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Toledoko Itunaren gomendioak hirugarrengoz berritu ditu Diputatuen Kongresuak. Horrela, pentsioen balioa handitzeko KPI erabiltzea gomendatu du Itunak, eta Gizarte Segurantzako gastu inpropioak finantzatzeko orduan protagonismo handiagoa eman nahi dio Estatuari, sistemaren defizita murrizten laguntzeko.

'Toledoko Itunaren Ebaluazio eta Erreforma Txostena' aldeko 262 boto, kontrako bi eta 78 abstentziorekin berretsi du Diputatuen Kongresuak. Lan merkatu berriari egokitutako 21 gomendio berri biltzen ditu dokumentuak, besteak beste, pentsio sistemaren jasangarritasuna bermatzeko eta pentsiodunen erosteko ahalmena mantentzeko.

Toledoko Itunaren Batzordeak adostasun zabala ixtea lortu du ia lau urteko eztabaidaren ostean. Magdalena Valerio Lan ministro ohiak zuzentzen du Ituna. Batzordeak aurten zilarrezko ezteiak bete ditu dagoeneko.

PSOEren eta PPren aldeko botoek bat egin dute bozketan. VOXek eta CUPek, ostera, aurkako boza eman dute. Bestalde, ERC, EH Bildu, BNG edo Mas Pais abstenitu dira, nahiz eta testu berriarekin kritiko agertu, aurrerapausoak ematen direla uste dutelako.

Bost urterik behin gomendioak berrikusteko ardura du Toledoko Itunak, eta orain Espainiako Gobernuak arautu eta Gizarte Segurantzaren Legea erreformatu beharko du, sindikatuen eta patronalaren akordioarekin.

Boto partikularrak

Zazpi indar politikok 19 boto partikular aurkeztu dituzte eztabaidan, zenbait proposamen aldatzeko, baina atzera bota dituzte. Valeriok gogorarazi duenez, gomendioek "ordaindutakoaren araberako" eredu "publiko, solidario eta banatzailea" defendatzen dute.

Pentsioa kalkulatzeko kotizazioaren 25 urterik onenak aukeratu ahal izatea azpimarratu du Valeriok; erretiroa hartzeko benetako adina eta legezko adina hurbiltzea bilatu nahi dute aurretiazko erretretari pizgarriak kenduz; alarguntza-pentsioek ezkondu gabeko bikoteak ez gutxiestea edo autonomoek benetako diru-sarreren arabera kotizatzeko eredu bat onartzea.

Iruzurraren aurkako borroka, mutuen papera hobetzea, desgaitu eta etorkin kolektiboen enplegua sustatzea edo emakumeen kotizazioak hobetzea ere aurreikusi dute Toledoko Itunaren gomendioek.

Gainera, pentsio duin bat ezartzeko erreferentzia Europako Gutun Soziala izango da, eta Erretserba Funtsean gutxieneko soberakin bat gordetzea proposatu du Itunak.

ERCk, EH Bilduk eta BNGk gomendioak kritikatu dituzte, eta 65 urteko erretiro adinera itzultzea eskatu dute, baita Erretserba Funtseko soberakinak non dauden zehazteko auditoria bat ere, gobernuek gastu inpropioak finantzatzeko erabili dituztelako. Hala ere, gomendioen izaera konstruktiboa nabarmendu dute. Azkenik, Iñigo Barandiaran EAJko diputatuak elkarrizketa goraipatu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena