Itxi

2020/11/26

10:03

Politika

ESTATUKO AURREKONTU OROKORRAK

Estatuko aurrekontu orokorrak babestu ala ez erabakiko dute gaur EH Bilduko oinarriek

EITB.EUS

Ezustekorik ezean, militanteek berretsi egingo dute Espainiako aurrekontuak babesteko koalizioaren zuzendaritzak egindako proposamena. Emaitzak 20:30ak aldera jakinaraziko dituzte.

  • EH Bilduren mahai politikoa

    EH Bilduren mahai politikoa. Argazkia: EH Bildu

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EH Bilduk ezohiko batzarra deitu du gaurko, Diputatuen Kongresuko EH Bilduko diputatuek Estatuko aurrekontu orokorrak babesteko koalizioko zuzendaritzak egindako proposamena bozkatzeko. Ezustekorik ezean, baiezko botoa berretsiko du militantziak.

Ezohiko batzarra modu telematikoan egingo dute eta 18:30ean hasiko da. Bozketaren emaitza 20:30etatik aurrera ezagutaraziko dela iragarri du EH Bilduk.

EH Bilduk Kongresuan dituen diputatuek Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektua babestea proposatu zion astelehenean bere militantziari. Haren esanetan, ez du zerikusirik izan presoen hurbilketarekin. Bere asmoa "jendearen eskubideak defendatzea" eta "eskuinak gobernatzea saihestea dela" esan ostean, "lokatza bilatzen dutenekin polemika antzuetan" sartzea baztertu zuen, EAJren kritikei erreferentzia eginez.

Iragan astelehenean Donostian egindako mahai politikoaren bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak bere alderdiak aurrekontuen inguruan duen jarrera azaldu zuen.

"EH Bilduk jarrera koherentea eta ildo koherentea du beti", defendatu zuen, eta gardentasuna ere "euskal ezker subiranistaren ezaugarria dela" gaineratu zuen. "EH Bilduk egiten duena esaten du, eta esaten duena egiten du", azpimarratu zuen.

Gainera, bere aurkari politikoek Diputatuen Kongresuan "aitortu" duten zerbait dela txalotu zuen. "EH Bilduk ezetz esaten duenean, ezetz da, eta baietz esaten duenean, baietz, ez dago piropo politiko hoberik. EH Bilduk hitza du", azaldu zuen, eta hori bere boto-emaileek ere badakitela gaineratu zuen.

Otegik azpimarratu zuen EH Bildu behe Ganberan dagoela "eskuin faxista, eskuin autoritarioa gelditzeko eta eskubideak irabazteko". Hala, aurrekontuen negoziazioa "eskubideen esparruan" garatzen dutela adierazi zuen. "Gure ildo politikoaren ardatza herritarrentzako eskubideak irabaztea da", berretsi zuen.

Presoak

EH Bilduk Estatuko kontuen alde egitearen truke presoak Euskal Herrira gerturatuko ote dituzten galdetuta, Otegik esan zuen horrek ez duela "errealitatearekin zerikusirik".

Gainera, presoak hurbiltzeaz hitz egiten denean, "norbaitek urruntzea erabaki izanaren premisatik abiatzen da, espetxe legediaren kontrakoa", gaineratu zuen. Hori dela eta, presoak hurbiltzea "legezkotasuna aplikatzea baino ez dela" uste du, eta hori "ez da akordio bat, legeak dioena betetzea baizik".

Azkenik, EAJk EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin duen harremanari egindako kritiken harira, Otegik berretsi zuen koalizio soberanista "herritarren eskubideak defendatzeko eta eskuinak agintzea saihesteko dagoela", horregatik, "lokatzaren bila ari direnekin polemika antzuetan" sartzea baztertu zuen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;