Politika -

Presidentetza berberak

EAJk lurralde zuzendaritzak berritu ditu, presidentetzetan aldaketarik izan gabe

Itxaso Atutxa, Joseba Egibar, Jose Antonio Suso eta Unai Hualde izango dira presidente hurrengo lau urteetan.

Itxaso Atutxa. Argazkia: EFE
Itxaso Atutxa
Itxaso Atutxa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk ez du aldaketarik izan presidentetzetan, eta datozen lau urteetan Itxaso Atutxa, Joseba Egibar, Jose Antonio Suso eta Unai Hualde izango dira Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako presidenteak.

EAJren Bizkaiko Lurralde Batzarrak "aho batez" Itxaso Atuxa aukeratu du berriro Bizkaiko zuzendaritzaren presidente, lau urteko hirugarren agintaldi baterako.

Hiru izen berri aukeratu dituzte Bizkai Buru Batzar (BBB) berria osatzeko, guztira zazpi emakumez eta sei gizonez osatuta egongo dena.

COVID-19aren pandemiak zaildu egin duela karguak berritzeko EAJren barne prozesua adierazi du Atutxak, eta gaixotasun horrek "lan egiteko modu berriak egokitzera eta harremanak izateko modu berriak hartzera" behartuko duela gaineratu du.

Jose Antonio Suso Arabako EAJko presidentea bigarren agintaldi baterako aukeratu dute larunbat honetan, 11 "burukide" berrirekin (guztira, 14 kide) zuzendaritza berritu duen alderdian.

Susoren hitzetan, zuzendaritza berriak "erantzukizunez" egingo dio aurre pandemiak ekarri duen krisialdiaren testuinguru sanitario, ekonomiko eta sozialari, eta EAJren "lidergo proposatzaile eta eraldatzailea" eskatu du, Gasteizen, Araban eta EAEn gobernu erantzukizuna duen alderdia den heinean.

Atzo, ostirala, Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidentea hautatu zuten berriro alderdi nazionalistaren zortzigarren agintaldia betetzeko. Burukide berriak eskualde guztietakoak dira, guztiak euskaldunak eta 15etik zortzi emakumeak.

Berriro hautatua izan ostean, Egibarrek exekutibaren erronka "errealitate berria justizia sozialaren, hazkunde ekonomikoaren, elkartasunaren eta askatasunaren oinarri sendoen gainean eraikitzea" dela azpimarratu zuen, izan ere, "ez du ezertarako balio normaltasun zaharra faltan botatzeak, ez baita itzuliko".

EAEko zuzendaritzaz gain, EAJk Nafarroako zuzendaritza berritu du, eta Lurralde Batzarrak Unai Hualde aukeratu du presidente, Nafarroako Parlamentuko presidentearekin batera uztartuko duena kargua.

10 burukidek lagunduko dute Hualde, pozik agertu denaa "pandemia izan arren" egindako prozesuarekin.

Exekutibetako karguez gain, EAJk barne auzitegien eta lurralde ordezkarien osaera berritu du alderdiko Batzar Nazionalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak