Politika -

Bilera erronda

Bazterketa gabeko elkarrizketari ekiteko eskatu dio LABek Patxi Lopezi

Bai prozesuan bai azken emaitzan euskal gizartearen parte-hartzea bermatzeko konpromisoa eskatu dio Etxaidek lehendakariari. Bakearen aldeko Koordinakundearekin bilduko da lehendakaria 17:00etan.

Etxaide eta lehendakaria, gaur. Argazkia: Efe
Etxaide eta lehendakaria, gaur.
Etxaide eta lehendakaria, gaur. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusiak bazterketarik gabeko elkarrizketa bat abiarazteko eskatu dio Patxi Lopez lehendakariari, aukera politiko guztiek baldintza berdinetan parte-hartu ahal izateko.

Lehendakaria LABen idazkari nagusiarekin bildu da gaur ETAk armak utzi ondoren Euskal Herriko agente sozial, ekonomiko eta politikoekin hasi duen bilera-sortaren baitan.

Eusko Legebiltzarrean egin dute bilera, osoko-bilkura zegoelako gaur eta buruzagi sindikalak hiru eskari helarazi dizkio lehendakariari.

Etxaidek erakundeen garrantzia azpimarratu du beharrezko irtenbideak eraikitzeko eta lehendakariari "ordezkatzen duen erakundearen defizit demokratikoa gainditu eta bazterketarik gabeko" elkarrizketa politikoa abiarazteko eskatu dio.

Era berean, bai prozesuan bai azken emaitzan euskal gizartearen parte-hartzea bermatzeko konpromisoa eskatu dio LABen idazkari nagusiak Patxi Lopezi. Gainera, emakumeen parte-hartzea egiazkoa izateko babes berezia behar dutela gaineratu du.

Azkenik, ETAk egindako iragarpenaren ondoren lortzen diren akordioetan langileen arazoak presente egon behar dutela azpimarratu du Etxaidek.

Izan ere, Etxaidek uste du ireki den aukera historiko berriak krisiaren momentu "txarrenarekin" iritsi dela eta etorkizun ekonomikoaren eta sozialaren inguruan langileek ez dutela erabakitzeko eskubiderik salatu du.

ETAk jarduera armatua behin betiko uzten zuela iragarri ondoren erabaki zuen lehendakariak alderdi politiko eta sindikatu, enpresa eta elkarte sozialekin biltzea.

Komunikatuaren ondoren dagoen egoera politikoa aztertzeko asmoz, gaur LAB sindikatuaren ordezkaritza bat hartu du lehendakariak 13:00ean, eta arratsaldeko 17.00etan Bakearen Aldeko Koordinakundearekin bilduko da.

Astelehenean, Terrorismoaren Biktimen Batzordearekin bilduko da lehendakaria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea