Politika -
EAE-KO AURREKONTUAK
Marlaskak politika uzteko eskatu izana "jarraitzeko berme" da Otegiren iritziz
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du prest daudela Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuei buruz hitz egiteko, baldin eta erreforma fiskalari eta zorpetzearen igoerari heltzen bazaio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak "EH Bildu ETAren iraganetik urruntzeko, Arnaldo Otegik politika utzi" behar lukeela esan eta gero, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak erantzun dio, berak hori eskatu izana dela bertan jarraitzeko "bermerik onena"."Niretzat, Espainiako Barne ministroak, Auzitegi Gorenak, Voxek eta Ciudadanosek erretiratu egin beharko nukeela pentsatzea da bermerik onena bertan jarraitzeko. Ez daukat ezta kanpaina ere egin beharrik" gaineratu du.
Bere iritziz, "jende gehiegi dago gaitzespenetan eta irain zerrendetan tematuta" baina berak ere baduela bere "gauza deitoragarrien zerrenda" esan du, eta horretan, Markaskak "puntu dezente" dituela. "Euskal independentisten koordinatzaile orokorra nor izango den erabakitzen dutenak herritarrak dira" gogorarazi dio.
Europa Press agentziari emandako elkarrizketan, ETAren biktimei egiten zaizkien omenaldietara joateari buruz ere hitz egin du, Ernest Lluch buruzagi sozialistarenera, esate baterako, eta EH Bildu osoaren erabakia dela nabarmendu du. "Miguel Angel Blancoren oroimen ekitaldietan ere egon gara, baita ETAren beste biktima askorenetan ere. Hori da gure jarrera" adierazi du.
ETAko preso ohien ongi etorriak direla eta, Otegik esan du oraindik ere 200 preso baino gehiago daudela kartzeletan, eta horien "hiru laudenak baino gehiagok kalean egon beharko" luketela, baina "salbuespenezko politika" aplikatzen zaiela, espetxean mantentzeko. EH Bilduko buruzagiak azaldu duenez, "ez zaio inori minik egin nahi urteak kartzelan pasatu dituen bizilagun bati pertsona batek edo milakak ongi etorria egiten diotenean. Inork ez du ezeren apologiarik egiten, 25 urtez preso egon den eta duela 8 urtetik libre behar lukeen herrikide bati harrera egiten zaionean" berretsi du.
Dena dela, koalizioak ez duela inolako arazorik gai horri buruz hitz egiteko ere gaineratu du, "termino osoetan", eta Estrasburgoko Auzitegiak 'Parot doktrina' atzera bota zuenean eta ETAko preso ohi asko libre geratu zirenean ez zela ongi etorri publikorik izan gogoratu du. "Hitz egin eta 'ulertzen dugu' esateko gai izan ginen, jende askorentzat bereziki mingarria izango baitzen" azaldu du.
Bateragune auzia
Abenduaren 15ean Auzitegi Gorenak Bateragune auziagatik epaiketa errepikatu edo ez ebatzi behar du, eta horren aurrean, Arnaldo Otegik garbi ikusten du bere kontrako estrategia bat dagoela, "ahal den alde guztietatik emateko". 2012an ezarri zioten 6 urteko kartzela-zigorra bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak aurtengo uztailean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak epaileak ez zirela inpartzialak izan ebatzi eta gero.
Ikuspuntu juridikotik "zentzugabekeria" dela esan du, eta errepikatzea "ezinezkoa" dela esan duela jada bi aldiz Auzitegi Nazionalak gogorarazi du. "Inor ezin da bi aldiz epaitu auzi beragatik" azpimarratu du.
Dena dela, "egungo egoera lehertaraztea helburu duen egoera batean edozer espero daitekeela" ere gaineratu du.
EAEko aurrekontuak
Bestalde, EH Bilduko koordinatzaileak adierazi du prest daudela 2021eko euskal aurrekontuei buruz hitz egiteko, "baldin eta erreforma fiskalari eta zorpetzearen igoerari heltzen bazaio", baina EAJk hori ez duela ukitu nahi erantsi du.
"EH Bildu beti 'dena edo ezer ez' jarreran dagoela eta ezin dela gurekin akordiorik egin esan eta esan aritzen da EAJ" bota du, "bada, Madrilen akordioak egin ditugu, Nafarroan ere bai, eta PSE-EErekin Gipuzkoako Foru Aldundian geundenean. Aurrekontuak sinatu ditugu Irunen (sozialistekin), Errenterian eta Durangon Elkarrekin Podemosekin agintzen dugu eta akordioa egin dugu EAJrekin Loiuko Udalean" gaineratu du.
Horregatik, EAEko aurrekontuei buruz hitz egiteko borondatea badutela berretsi du, "baina behar adina zorpetu beharra dago pertsonen arazo sozial eta ekonomikoei aurre egiteko, ostalaritza, merkatari txikiak, lantegi txikiak eta langileak kontuan hartuta".
Hala, Idoia Mendia bigarren lehendakariordeak ea "Madrilen eta Nafarroan bai, eta EAEn zergatik ez" dituzten aurrekontuak babesten galdetu izanari erantzun dio: "Nafarroan PSNk, Podemos-IUk eta Geroa Baik agintzen dute, eta Geroa Bai ez da zehazki EAJ, eta Madrilen PSOEK Podemosekin agintzen du. Zergatik zuk hemen eskuinarekin agintzen duzu eta ez duzu horrelakorik egiten Nafarroan edo Estatuan? Arazoa zuk duzu, hemen eskuinarekin agintzea erabaki duzulako" aurpegiratu dio.
"Mendiak erabaki zezakeen, eta EAJrekin agintzea erabaki du" eta "badakigu EAJk ze politika mota egiten duen arlo ekonomikoan eta sozialen" gaineratu du.
Pandemia
Azkenik, "zentzuz jokatzera" deitu du, eta Gabonetan, "arduratsuena", babes neurriak mantentzea dela esan du, baina "sektore kaltetuak lagunduz".
"Mugikortauna eta interakzio soziala bultzatzen badira, kutsatze gehiago egongo dira, eta bada datu bat asko zabaldu ez dena, baina gurea da Europan hilkortasun handiena izan duen lurraldea, Belgikaren atzetik" amaitu du.