Itxi

2020/12/20

17:35

Politika

Memoria historikoa

Esteban Salsamendi batailoiko miliziano baten gorpua lurpetik atera dute Bizkargin

E. L. | EiTB Media

Aniceto Agirrebeitia Berrizkoa zen, bost anai-arrebetatik nagusiena, eta batailoi komunistan borroka egin zuen Gerra Zibilean. 26 urte zituela hil zuten.

1:22
EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Aniceto Agirrebeitia Berrizkoa zen, bost anai-arrebetatik nagusiena, eta Esteban Salsamendi batailoi komunistan borroka egin zuen Gerra Zibilean. 26 urte zituela hil zuten. Haren gorpuzkiak igande honetan lurpetik atera dituzte Bizkargi mendian, Zornotzan (Bizkaia).

Gogora Institutuak milizianoaren familiari DNA lagin bat hartu dio dagoeneko, gaur hobitik atera dituzten gorpuzkiekin alderatzeko, eta genetikoki hildakoaren nortasuna egiaztatzeko.

Gaurdaino, identifikazioa plakako zenbakiaren (58.331) bidez zehaztu dute Aniceto Agirrebeitia Lazpitaren nortasuna, plaka gorpuzkien artean agertu baitzen.

Hobia 2020ko uztailean aurkitu zuten Euskal Prospekzio Taldeko kideek, Bizkargi mendian (Zornotza). Lanetan Euskadiko Gudarosteko identifikazio plaka topatu zuten, baita beste objektu batzuk ere.

Dokumentazio historikoak, konkretuki Euskadiko Gudarostearen lansariek, 58.331 plaka zenbakia Aniceto Agirrebeitia Lazpitarena zela zehaztu dute, Alderdi Komunistako Esteban Salsamendi 44. batailoiko kidearena, hain zuzen ere. Era berean, Kanpainan Hildakoen erregistroak azaldu duenez, Aniceto borrokan hil zen 1937ko maiatzaren 16an.

Artolazabal: "Kendutako duintasuna itzultzea erakundeen betebeharra da"

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuaren hitzetan, Gerra Zibilean desagertutakoak berreskuratzea eta “kendutako duintasuna itzultzea erakundeen betebehar” bat da.

Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako sailburuordea, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Itxaso Berrojalbiz Zornotzako zinegotzia eta EAJko legebiltzarkidea, eta Miren Gallastegui Gogoraren Zuzendaritza Batzordeko kidea eta PSE-EEko legebiltzarkidea Bizkargin izan dira. Guztiek Aranzadi Zientzia Elkarteko taldearen lana bertatik bertara jarraitu ahal izan dute.

Beatriz Artolazabal sailburuak familiari esan dio: “zuen presentziak unea are zirraragarriagoa egiten du eta, batez ere, Aranzadi, Gogora eta Eusko Jaurlaritzaren lanari zentzu guztia ematen dio”.

Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatu eta identifikatzeari 2003an ekin zion Eusko Jaurlaritzak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako lankidetza hitzarmen baten bidez. Orain arte 51 hobi topatu eta 108 pertsonaren gorpuzkiak lurpetik atera dituzte.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;