Politika -

Gasteiz

Gasteizko Udalbatzak baztertu egin du gasa ustiatzeko proiektua

EAJk izan ezik, gainerako talde politiko guztiek adierazpen bat onartu dute Armentia-2 gas-putzua martxan jartzearen kontra. Mozioa Udal Gobernuan dagoen PSE-EEk aurkeztu du.

Gasteizko udaletxea. Artxiboko argazkia: EFE
Gasteizko udaletxea.
Gasteizko udaletxea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalaren osoko bilkurak atzera bota du Armentia-2 gas-putzua esploratzeko eta ustiatzeko proiektua, baita Subijanan hidrokarburoak esploratzeko eta ustiatzeko lizentzia eskaera oro ere.

PSE-EEk aurkeztu du osoko zuzenketa, eta mozioa EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Gasteizek babestu dute. EAJ bakarrik geratu da gas-putzuaren defentsan.  

Estibaliz Canto (PSE-EE) Hezkuntza eta Kultura zinegotziak "irmoki" arbuiatu du Gasteizko gas proiektua, eta Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak hidrokarburoak esploratzeko eta ustiatzeko jardueretarako baimen berriak ematea "espresuki debekatuko" duela nabarmendu du.

Ildo horretan, Udalbatzako 27 zinegotzietatik 20k onartutako mozioak Diputatuen Kongresuari eskatzen dio lege berri hori lehenbailehen onar dezala. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eredu ekonomiko eta energetiko berri baterantz eboluzionatzeko galdegiten dio, "erregai fosilak baztertzeko" eta "Euskadi 2030 estrategia energetikoa eguneratzeko", energia berriztagarrien sorrera areagotuz.

Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ez dezala "errekurritu" Udalak jarduera lizentzia ukatu izana, eta Alderdi Sozialistaren jarrera goraipatu du, arabarren gehiengoarekin bat egin duela iritzita.

Alfredo Iturricha PPko zinegotziak adierazi du hasieratik izan duela argi egitasmo honek ez zuela aurrera egingo, araudia betetzen ez duelako. Hala, Gasteizko Udalaren erabakiari helegitea jartzeko Eusko Jaurlaritzaren ahalegina kritikatu du.

Oscar Fernandez Elkarrekin Gasteizko bozeramaileak esan duenez, "argi geratu da udal araudiak ez duela gasa esploratzea uzten", eta EAJri eskatu dio Eusko Jaurlaritzari esan diezaiola proiektu hori behin betiko bazter dezala.

Bestalde, Ana Oregi Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintza zinegotziak azpimarratu du EAJk "jasangarritasun politikak" defendatzen dituela, baina gas-putzuaren proiektua aldarrikatu du, "energia beharrizan handia" dagoela eta Arabako enpresa industrialei laguntzeko aukera bat izan daitekeela esanez.    

Udal Gobernuak SHESA Euskadiko Hidrokarburoen Sozietateari jarduera-lizentzia ematea ukatu zion atzo, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) udal-araudia betetzen ez duela argudiatuta. Izan ere, lurzoru horretan baimendutako erabilerak ez dira bateragarriak gasa esploratzeko proiektuarekin.

Armentia-2ko putzuan gasa esploratzeko jarduera-lizentziaren eskaerak zalantzan jarri ditu ingurumen-politika eta 2021erako udal-aurrekontuen bideragarritasuna. Elkarrekin Gasteizek esan baitzuen ez zituela aurrekontuak negoziatuko, aurrez gas-proiektua baztertzen ez bazen.

Gorka Urtaran alkatearen gobernuak oposizioaren babesa behar du aurrekontuak aurrera atera ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Politika Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Frackinga berriak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Ingurumena Gasaren prezioa