Politika -

Presoak

Gradu progresioak aldarrikatzea izango da Sareren 2021erako helburu nagusienetako bat

68 preso kalean egongo ziratekeen gradu progresioa aplikatu izan balitzaie. Larunbateko mobilizazioetan 50.000 pertsonatik gora bildu zituen, 238 herritan, presoen eskubideen aldeko Sare Herritarrak.

Presoen eskubideen aldeko manifestazioa, larunbatean Bilbon. Argazkia: EFE
Presoen eskubideen aldeko manifestazioa, larunbatean Bilbon.
Presoen eskubideen aldeko manifestazioa, larunbatean Bilbon. Argazkia: EFE

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Sare Herritarrak larunbateko mobilizazioen balorazioa egin du, eta 2021erako helburuak ezarri ditu. Azaldu duenez, "itxaropena egi bihurtu" nahi dute, eta helburu nagusien artean "blokeatuta" dauden gradu progresioak aldarrikatzea egongo da.

Pandemiaren ondorioz, Bilbon urtarrilean bildu ohi den jende uholdea Euskal Herri osoko 238 herritan zehar sakabanatu zen larunbatean. Sareren arabera, 50.000 pertsonatik gora bildu ziren guztira Bilboko manifestazioan, Baionako giza katean eta beste elkarretaratzeetan.

2021erako ezarri duten helburu nagusietako bat presoen gradu progresioa aldarrikatzea izango du. Azaldu dutenez, 68 preso kalean egongo ziratekeen gradu progresioa aplikatu izan balitzaie. Izan ere, batzuk "30 urte arteko kondenak osorik bete ondoren geratu dira aske", zigor osoa lehen graduan beteta.

"Euskal presoen kolektiboaren % 75k aspaldi erabaki zuen gradu progresiorako mekanismo legalak erabiltzea, eta, beraz, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak ez dauka aitzakiarik progresio hori ez aplikatzeko. Eta, horrekin batera, erregimen irekiak, kondena etxean betetzeko aukera, baimenak eta baldintzapeko askatasunak", esan du Sarek.

"Betetzen ez diren legeez" gain, "lege zentzugabe batzuk" ere aipatu ditu Sarek, hala nola 50 presori Frantziako Estatuan betetako zigorra Espainiako Estatuan ez konputatzea eta beste 70 preso 40 urteko kondenak, "biziartekoak", betetzen egotea. Horiek "giza eskubideen kontrako" neurriak dira eta ez datoz bat "berreziketa eta gizarteratzea lortzeko helburuekin".

Egun, Espainiako Estatuko gehiengo politikoari erreparatuta, Sarek nabarmendu du "garai berri baten hasieran gaudela", eta gehiengo horrek aukera duela "normalizaziorako urratsak emateko, lege arruntak aplikatuta eta salbuespen legeria indargabetuta".

"Hasitako bidetik jarraitzeko" eskatu dio Sarek Espainiako gehiengo politikoari, baita "ezer aldatu izan ez balitz bezala jokatzen duten politikaren eta epailetzaren arloko sektore gogorrenei aurre egiteko" ere.

Sare Herritarrak begi onez ikusten du espetxeen arloko eskumenak EAEko administrazioari transferitzeko aukera, baina, ohartarazi duenez, "horrekin batera, eskumenak itzuli behar zaizkie espetxe zaintzako epaitegi naturalei" eta "desegin egin behar da Auzitegi Nazionalaren mendeko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala".

Azken urteetan "indarrak batuz" joan da Sare arlo politikoan, sindikalean eta sozialean, desberdinen arteko guneak sortuta. "Zerbait mugitzen ari da", errepikatu du Sarek.

Azkenik, urte berrirako helburuak zeintzuk diren gogorarazi du: preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko prozesua azkartzea, gaixotasun larriak dituztenak eta adinekoak askatzea, lege arrunta aplikatzea, baimenak ematea eta seme-alaba txikiak dituzten amentzako modulu bat sortzea euskal espetxe batean. Bidenabar, helburu horiek "euskal gehiengo politikoaren laguntzarekin jorratu" nahi dituztela zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Presoak bideoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Gaurko titularrak Albisteak Azken ordukoa protestak