Politika -
Alderdi Popularra
Jose Ignacio Iruretagoienaren semeak PPri: "Biktimen kontura bizitzeari utzi"
"Zuen politika gure hildakoetan baino zerbait gehiagotan oinarritzeko ordua da. Nire aita utzi bakean, mesedez!", adierazi du Mikel Iruretagoyenak Twitter sare sozialean.
E. L. | EiTB Media
"Biktimen kontura bizitzeari uzteko" eskatu dio Mikel Iruretagoyenak, ETAk hildako PPko zinegotziaren semeak, Alderdi Popularrari. Politika "zerbait gehiagotan oinarritzeko" ordua dela deritzo. Euskadiko PPren zuzendaritzak Jose Ignacio Iruretagoienari omenaldia egin zion atzo Zarauzko hilerrian. ETAk duela 23 urte hil zuen.
Consuelo Ordoñez Covite Terrorismoaren Biktimen Kolektiboko presidenteak txio baten bidez gaineratu du: “Gauza berdinaz kexu garen biktimak gero eta gehiago gara, zergatik ote? Aski da! Merkantzia politiko gisa erabiltzeari utzi”.
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak eta EAEko Alderdi Popularraren zuzendaritzako beste kide batzuek omenaldia egin zioten zinegotziari larunbatean, Zarauzko hilerrian.
Atzo familiako ordezkaririk ez zen izan hilerrian, eta Mikel Iruretagoyenak hizpide izan du hori Twitterren. Pablo Casado PPko presidenteak zinegotziaren hilketa gogora ekarri du sare sozialetan: “Biktimak beti egongo dira gure memorian. Gobernuak aste honetan terroristak kartzelan bisitatu eta erregimena botatzearekin mehatxu egiten dutenekin adostea gaitzesten dugu”.
Hitzok 1998ko urtarrilaren 10eko El Correo egunkariaren azalaren irudiarekin lagundu ditu Casadok. Hilketaren biharamuneko azalean, zinegotzia bere arrebarekin agertzen da, Mikel iloba txikia beso artean zuela.
“Casado jauna, ni naiz argazki horretan agertzen den haurtxoa. Gaur nire aitari egindako omenaldia oso polita geratu zaizuela komentatu nahi nizun. Baina familiako kiderik ez da izan ekitaldian”, esan du Mikel Iruretagoyenak.
Mezu horren ostean, beste txio bat erantsi du: “Biktimen familiekin horrela jokatzen jarrai ezazue, primeran datorkizue eta. Biktimen kontura bizitzeari utzi, zuen politika gure hildakoetan baino zerbait gehiagotan oinarritzeko ordua da. Nire aita utzi bakean, mesedez!”.
Zinegotziaren semeari Maria Jauregik, Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alabak, erantzun dio. ETAk Jauregi 2000. urtean hil zuen, Tolosan. Mikel Iruretagoyenari besarkada bat bidali dio, eta hark eskerrak eman dizkio.
Euskadiko PPk hildako zinegotzien omenaldiak egiteari utzi zion 2001ean, besteak beste, segurtasun arrazoiengatik. Baina Carlos Iturgaizek alderdiaren zuzendaritza berreskuratu duenetik omenaldiak berriro hasi dira.
Iturgaizek berak gogorarazi zuen atzo: “Biktima guztientzako memoria, duintasuna eta justizia beti aldarrikatuko ditu PPk”.