Politika -

Elkarrizketa

Garrido: "PPk ez ditu terrorismoaren biktimak erabiltzen: omendu behar ditugu"

Euskadiko PPren idazkari nagusiak Jose Ignacio Iruretagoyenaren semearen kritikei erantzun die, horrenbestez. Koronabirusaren txertaketa kanpainaz ere mintzatu da, bestek beste.

Laura Garrido, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA
Laura Garrido.
Laura Garrido, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA

I.L. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren biktimak erabiltzeari uzteko eskatu zion atzo Jose Ignacio Iruretagoyena biktimaren semeak Alderdi Popularrari. Adierazpen horien inguruan galdetu diote gaur, hain justu, Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusiari.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Garridok esan du PPk ez dituela "terrorismoaren biktimak erabiltzen, inolaz ere". "Iruretagoyena PPren zinegotzi izateagatik hil zuten. Familia omenaldira gonbidatu genuen, baina ez zuten etorri nahi izan. Errespetatu egiten dugu. Alderdi Popularraren ideiak defendatu zituztenak omendu ditugu eta horrela egiten jarraituko dugu", arrazoitu du. 

Omenaldian "kritika politikoa" egitea "ez da akatsa", Garridoren esanetan. Izan ere, EH Bildu hizpide izan zuten atzoko ekitaldian. "Gogorarazi nahi dugu Espainiako Gobernuak EH Bildu aktore politiko gisa hartu duela, zilegitasuna eman diola" eta ETAko presoen gerturatzeak aurrekontuen negoziazioarekin lotu du: "Ez dugu uste kasualitatea denik".

Koronabirusaren krisia hizpide hartuta, Garridok adierazi du txertaketa kanpaina "oso txarto" egiten ari direla. Nabarmendu duenez, "ez dakigu noiz amaituko duten adinekoen zentroetan txertatzen. Gauzak ez dira argi esaten. Ez dago gardentasunik, ezta norabide zehatzik ere".

Are, iradoki du osasun arloko militarrek, albaitariek edota farmazialariek kanpainan parte hartu ahal dutela. "Ezin dena esan da txertaketa jaieguna delako eten dela", erantsi du. 

Aurrekontuen negoziazioaz galdetuta, eta Pedro Azpiazurekin bihar egin beharreko bilera ahotan, Garridok esan du espero duela Jaurlaritza "akordioak ixteko" prest egotea, eta gehiengo osoa ez baliatzeko saiakera egingo duela. "Aurrekontuak nabarmen hobe daitezke, eta horretan jardungo dugu", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ETA Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak EAEko Aurrekontuak Koronabirusa olatu berria