Publizitatea
Itxi

2021/01/15

21:43

Politika

Kataluniako hauteskundeak

Kataluniako hauteskundeak maiatzaren 30era arte atzeratu dituzte

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Otsailaren 14rako deituta zeuden hauteskundeak, baina covid-19aren pandemiaren datuen bilakaera ikusita, atzeratzea erabaki dute, PSCren bermerik gabe.

  • Pere Aragones Kataluniako Gobernuko jarduneko presidentea.

    Pere Aragones Kataluniako Gobernuko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Kataluniako Gobernuak arratsalde honetan onartu du hauteskundeak maiatzaren 30era arte atzeratzeko dekretua. Otsailaren 14an egin behar zituzten, baina deialdia bertan behera uztea erabaki dute koronabirusaren pandemiaren eraginez osasun-egoera larria delako Katalunian.

Pere Aragones Generalitateko presidenteordeak eta Quim Torra kargugabetu zutenetik jarduneko presidenteak agerraldia instituzionala egin du ezohiko gobernu bilera amaitu eta gero.  

Aragonesek azpimarratu du erabaki egokia eta zuzena dela, hauteskundeak otsailean arduragabekeria litzatekeelako eta herritarren parte-hartzerako eskubidea bermatzea ezinezkoa izango zela iritzita.

Goizean, Kataluniako alderdien mahaiak hauteskundeak maiatzaren 30era arte atzeratzea erabaki du, Kataluniako Gobernuak hala proposatuta eta PSCren kontrako jarrerarekin, kutsatzeko kopurua goraka doala kontuan hartuta.

EFE agentziaren arabera, PSCk "erabateko desadostasuna" agertu dute Kataluniako Gobernuak proposatutako luzapenarenkin. Alabaina, Parlamentuan gaur egindako goi-bileran parte hartu duten alderdien gehiengoak proposamena onartu dute.

Sozialistek martxoaren 14ra edo 21era atzeratzea proposatu zuten, ordurako koronabirusaren pandemiaren hirugarren olatuaren unerik latzenak atzean geratuko direlakoan, baina Pere Aragonesek (ERC) bere proposamena formalizatu du: maiatzaren 30a, igandea, talde gehienek zalantza gutxi-askorekin onartu duten eguna.

Generalitateak onartu du hauteskundeetarako lege orokorrak ez duela deialdia atzeratzeko aukera eskaintzen, baina gogoratu du arau hori ez zela oztopo izan joan den udaberrian Euskal Autonomia Erkidegoko eta Galiziako hauteskundeak bertan behera uzteko. Kasu horietan, hauteskundeak atzeratzeko erabakia deialdia egin zuten organoen esku utzi zuten, eta oraingoan ere gauza bera egin ahalko litzatekeela erantsi du.

Edonola ere, Kataluniako Gobernuaren batzorde juridikoak irailean argitaratu zuen ebazpenak aukera hori aurreikusten zuen, herritarren botoa emateko eskubidea bermatuta ez dagoen kasuetarako.

Katalunian, Pere Aragones presidenteordeak sinatu zuen otsailaren 14rako hauteskunde deialdia; izan ere, Auzitegi Konstituzionalak Quim Torraren kargugabetzea berretsi eta gero, Parlamentua deseginda geratu zen.

PSCk erabakiko du inpugnatu ala ez

Miquel Iceta PSCko buruak atzera bota du hauteskundeen atzerapena, "osasun irizpideei erantzuten ez dielako", baina Kataluniako Gobernuaren dekretua aurkaratuko du soilik "jokoaren arauak aldatu" nahi badira.

"Data aldaketa bat besterik ez bada, ez dugu eragozpenik jarriko, baina jokoaren arauak aldatzearen aurka egingo dugu", azaldu du ostiral honetan Kataluniako Ganberan egindako prentsaurrekoan, Kataluniako Gobernuaren eta alderdien arteko goi-bileran parte hartu ostean.

Icetaren ustez, maiatzaren 30eko hauteskunde deialdia eta otsailaren 14koa "berdinak" dira, eta, beraz, prozesua hutsetik hastea eta hautagaitza berriak aurkeztea edo dagoeneko itxita dauden zerrendak aldatzea "legez kanpokoa" izango litzatekeela uste du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena