Politika -

NAFARROA

Gorenak diligentziak ireki dizkio Ayerdiri diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita

Ikertzen ari diren gertakariek zerikusia dute Davalor enpresari 2015 eta 2017 artean emandako sei mailegurekin. Na+ek dimititzeko eskatu dio "ikertua" delako, baina Gobernuak ukatu egin du.

Manu Ayerdi Ekonomia Garapenerako Nafarroako kontseilaria, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Manu Ayerdi Ekonomia Garapenerako Nafarroako kontseilaria
Manu Ayerdi Ekonomia Garapenerako Nafarroako kontseilaria, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andres Palomo Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoko epaileak diligentziak ireki dizkio Manu Ayerdi Nafarroako Ekonomiaren Garapenerako kontseilariari, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.

Ayerdiren aurkako salaketa aurkeztu zuen UPN alderdiari, bestalde, 10.000 euroko fidantza ezarri dio, herri akusazio gisa jardun ahal izateko.

Abenduan, Ayerdiren aurkako auzi penala zabaldu zuen Gorenak. Ikertzen ari diren gertakariek zerikusia dute Davalor enpresari 2015 eta 2017 artean emandako sei mailegurekin (2.600.000 euro). Garai hartan, Ekonomiaren Garapenerako kontseilari ez ezik, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde ere bazen Ayerdi.

Gorenak ohar bidez orduan jakinarazi zuenez, delitua egon zitekeela UPNk aurkeztutako kereilan deskribatzen ziren egitateetan.

Navarra Suma-k dimisioa eskatu du

Navarra Sumak dimisioa emateko eskatu dio kontseilariari, gaur "ikertua" dela jakin delako.

Javier Esparza Na+eko bozeramaileak hedabideen aurrean adierazi duenez, Gorenak onartu egin du prebarikazioa eta agiriekin dirua bidegabe erabiltzea egotzita UPNk jarritako kereila, eta "dena eman dio". Gainera, "aurretiazko eginbideak hasi dira, delitu baten instrukzio penalaren fasea, eta Ayerdiri ikertu gisa dituen eskubideen berri eman dio".

"Horrek berretsi egiten du ikertu gisa duen egoera prozesala, eta, beraz, Chiviteren eta Gobernuaren diskurtsoak ez du zentzurik", gaineratu du.

"Ez dago Gobernuaren txostenik presidentearen jarrera babesten duenik eta, beraz, gaur bertan kontseilari izateari utzi behar dio", azpimarratu du.

Nafarroako Gobernuak ukatu egin du ikertua denik

Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak ukatu egin du Auzitegi Gorenak Ayerdi ikertu gisa duenik, "gaur egun oraindik ez du izaera hori".

Gobernuaren arabera, kontseilariaren egungo egoera kereiladuna da, eta horrek ez du kargugabetzea eragiten ustelkeriaren aurkako Gobernuaren eta presidentearen Foru Legearen 68. artikuluan oinarrituta.

Gorenak 10.000 euroko fidantza eskatu dio UPNri

Esan bezala, Ayerdiren aurkako diligentziak ireki ditu epaileak, eta horren berri eman dio defentsa eskubideaz baliatzeko aukera izan dezan.

Hurrengo urratsa, ikertu gisa deklaratzea izango da. Ayerdik kontseilari kargua utziko du orduan, Nafarroako foru araudian jasotzen denez. Izan ere, delitu zantzuak ditu auziak, prebarikazioa eta diru publiko bidegabe erabiltzea egotzi diotelako.

UPNren kereilak dio milioi bat euroko mailegua eman ziola Nafarroako Gobernuko presidenteordeak Davalorri, 2015ean. Gainera, salaketa horrek zehazten du inolako kontrolik eta irizpiderik gabe bideratu zuela mailegua, nahiz eta jakin erakunde horrek ez zituela horretarako baldintzak betetzen, kaudimen ezagatik.

Era berean, UPNk salatu zuen, Davalorren kaudimengabeziaren eta garai hartan Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin zituen zorren jakitun, bost mailegu berri eman zizkiola enpresari.

UPNk aurkeztutako kereila

UPNk 2020ko ekainaren 2an aurkeztu zuen Manu Ayerdiren aurkako salaketa. Testu horretan irakur daitekeenez, aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuko presidenteorde zenak milioi bat euroko mailegua eman zion Davalor enpresari, nahiz eta salaketaren arabera, enpresak egoera ekonomiko larria zuen arren.

Salatzaileek gaineratzen dutenez, Manu Ayerdik ez zuen aurreko mailegua aldez aurretik ordaintzeko eskatu eta gainera bost mailegu berri esleitu zituen.

UPNren arabera, Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainean Davalorren proiektua "Foru interesekotzat" jo zuen, eta horrek finantza laguntza presazko prozeduraren bidez tramitatzea ahalbidetu zion. Halaber, Nafarroako Parlamentuak ez zion berariazko baimenik eman mailegua emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika UPN Albisteak Nafarroa Auzitegi Gorena Alderdi politikoak albisteak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua Navarra +