Politika -

Auzitegi Nazionala

Ezker abertzalearen estrategia babesten dutela adierazi dute Barbadok eta Zelaiak

Duranan topatu zuten bidoiarekin zerikusirik ez dutela esan dute eta ezker abertzalearen estrategiarekin bat egiten dutela azpimarratu dute. Fiskaltzak 8 urteko kartzela-zigorrak eskatzen ditu.

Galder Barbado eta Aitor Zelaia epaiketaren lehen saioan. Argazkia: EFE
Galder Barbado eta Aitor Zelaia epaiketaren lehen saioan.
Galder Barbado eta Aitor Zelaia epaiketaren lehen saioan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurkako epaiketa gaur abiatu da Auzitegi Nazionalean. 'Kale borrokan' erabiltzeko armak eta lehergailuak gorde izana leporatzen diete.

Fiskaltzak zortzi urteko kartzela-zigorra eta zazpi urteko baldintzapeko askatasuna eskatu ditu bakoitzarentzat. Halaber, zigorrak iraun bitartean gaitasungabetuta egotea galdegin du.

Barbadok eta Zelaiak akusazio guztiak ukatu dituzte eta 2018an Ertzaintzak Duranan topatu zuen zuloarekin inolako loturarik ez dutela nabarmendu dute.

Horrez gain, ezker abertzaleko militanteak direla onartu dute eta, beraz, helburu politikoak lortzeko ezker abertzaleak bide baketsuak eta demokratikoak soilik erabiltzeko egin zuen apustua babesten dutela azpimarratu dute.

Epaiketaren lehen saioan, bi ertzainek ere deklaratu dute lekuko gisa. Bidoian topatutako materiala (koheteak, hari elektrikoak edota kanpin-gasak) 'kale borroka'rekin lotuta daudela esan du agenteetako batek.  

Poliziaren bertsioaren arabera, Duranako zelai batean, lurpean, aurkitu zuten bidoian bi gazteen aztarnak agertu ziren. Alabaina, bi auzipetuek bidoi horrekin zerikurisirik ez dutela adierazi dute.

Ertzaintzak bi gazteen etxebizitzak miatu zituen, Duranan bidoia topatu eta gero. Ikerketaren arabera, Zelaiaren etxean bridak, eskularruak, burukoak, walkie-talkiek eta sakelako telefonoak aurkitu zituzten motxila batean gordeta. Eta motxila horretan Barbadoren aztarnak agertu zirela erantsi zuten.   

Bi gazteek azaldu dute HatortxuRock jaialdian lan egin zutelako zeukatela material hori etxean gordeta. Presoen aldeko jaialdi horretan lan egin zuen lekuko batek berretsi egin du bertsio hori, boluntarioei horrelako objektuak ematen zaizkiela baieztatuta.  

Epaiketaren bigarren saioa ostiral honetan egingo dute, 10:30etik aurrera.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak