Politika -
NAFARROAKO GOBERNUA
Mikel Irujok Garapen Ekonomikoko kontseilari kargua hartu du
Nafarroako Jauregian egin da ekitaldia eta bertan izan dira Maria Chivite presidentea, Nafarroako Gobernuko kontseilari guztiak, Parlamentuko presidentea eta Manu Ayerdi kontseilari ohia.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Mikel Irujok Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilari kargua hartu du ostegun honetan, Maria Chivite Nafarroako presidentea buru zela Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egin den ekitaldian. Irujo eta Chivite ez ezik, bertan izan dira Nafarroako Gobernuko kontseilari guztiak, Unai Hualde Parlamentuko presidentea eta Manu Ayerdi kontseilari ohia ere.
Atzora arte Nafarroako Gobernuko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi izan da Mikel Irujo eta Manu Ayerdiren lekukoa hartu du. Izan ere, Davalor auziagatik dimisioa eman zuen Manu Ayerdik, ustez prebarikazioagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik Auzitegi Gorenak bere aurkako auzibidea ireki ostean.
Matxalen Ercilla biolontxelo jotzaileak eman dio hasiera kargu-hartze ekitaldiari, Nafarroako ereserkiarekin. Ondoren, Mikel Irujo kontseilari izendatzen duen presidentearen foru dekretua irakurri dute.
Kontseilari berriak euskaraz eta gaztelaniaz hitzeman du kargua eta Nafarroako Gobernuko kontseilari gisa dagokion intsignia jaso du.
Maria Chivite Nafarroako presidenteak, bere hitzaldian, Irujok herrialdearen garapen ekonomikoarekin duen "konpromisoa" eta "ikuspegi europazalea" azpimarratu ditu. Koronabirusak eragindako krisi ekonomiko eta sozialetik irtetea izango da, neurri handi batean, bere kontseilaritzaren lana, Chivitek azaldu duenez. Halaber, aurreko kontseilariari eskerrak eman dizkio "azken egunera arte egindako lanagatik eta hartutako konpromisoagatik".
Ekitaldia goizeko 08:30ean izan da, ohikoa ez den orduan. Izan ere, 09:15ean hasi da osoko bilkura Nafarroako Parlamentuan.