Politika -
A-20ko hauteskundeak
Amaiurrek EAJri eta Geroa Bairi 'herria defendatzeko' eskua luzatu die
Iñaki Antigüedad Amaiurreko diputatu hautetsiak "zintzotasunez, oinarri gutxi batzuk adosteko" deia egin die, "aberri gisa, herriaren defentsa bateratua egiteko".
Erredakzioa
Iñaki Antigüedad Amaiur koalizioko diputatu hautetsiak Euskadirekiko PPko "politika oztopatzailea eta ukakorra" salatu du eta EAJri eta Geroa Bairi "zintzotasunez, oinarri minimo batzuk adosteko" proposamena luzatu die, "aberri gisa, herriaren defentsa bateratua egiteko".
Donostian eskainitako prentsaurrekoan, koalizio honetako beste diputatu eta senatari hautetsiekin izan da Antigüedad. Honek salatu duenez, PPk "politika oztopatzailea eta ukakorra du" eta hori dela eta, EAJri eta Geroa Bairi "herrialde bezala, erantzun bateratu bat aurkezteko" proposamena egin die.
Horrela, "zintzotasunez, serioski eta erantzunkizunez, oinarri minimo batzuk adosteko" deia egin die, "aberri gisa, Euskadiko eta herritar guztien eskubideen defentsa bateratua egiteko". Zentzu honetan, amankomunean lantzeko zutabeak hiru direla zehaztu du: "Euskal Herriko aitorpena, autodeterminazio eskubidearen aitorpena eta Lan Gaietarako eta Gizarte Babesarako Euskadiko Esparruaren aldarrikapena".
PPren jarrera "kezkagarria"
Amaiurreko diputatu hautetsiak dioenez, PPko buruzagiak egindako adierazpenak "eskandalagarriak" dira. "Oso larri da Amaiurrekin hitz egiteari uko egitea edo talde parlamentarioa ukatzea", azpimarratu du.
Antigüedadek "zein errealitatean bizi diren" galdetu dio bere buruari. "Kezkagarria da, horren atzetik azken urteetan izandako dinamika berari eusteko jarrera antzematen delako, hau da, gure herrialdearen gehiengo bati bizkarra emanda, ukapen jarrera bat".
Hori dela eta, "euskal gizarteak esandakoa adi aztertzeko" eta "igandeko emaitzak sakontasunez ikusteko"eskatu dio PPri. "Jarrera oztopatzaile hura alde batera utz eta euskal herritarren hitza errespetatu dezatela", gaineratu du.
Gainera, "erantzunkizuna" eskatu die Alderdi Popularreko kideei, "eszenatoki berriak eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatzeko". Antigüedadek azpimarratu duenez, Amaiurrek igandeko hauteskundeetan lortutako babes guztia "euskal gatazka politikoaren zerbitzura" jarriko dute, "Euskal Herriaren eta herritarren eskubideen aldarrikapena eta defentsa egiteko".
"Laburbilduz, Madrilera joan gara Euskal Herriko biztanleriaren erabakiekiko eta hitzarekiko errespetua exijitzeko", esan du.