Politika -
Hauteskundeen ondoren
Oyarzabal: 'PP eskuzabala izan daiteke Amaiurrek arauak betez gero'
EAEko PPren idazkari nagusiak, bestalde, 2013ko hauteskundeei begira botoak erakartzen saiatuko direla adierazi du, "ezin dugu herri hau erradikalen gidaritzapean utzi", erantsi du.
Erredakzioa
Iñaki Oyarzabal EAEko PPren idazkari nagusiak Amaiurri ohartarazi dio, Alderdi Popularra "oso eskuzabala" izan daitekeela, baina horretarako, koalizioak aurretik "joko demokratiaren pausoak betetzeko prest" dagoela erakustea beharrezkoa dela azaldu du.
Lurraldeko Batzorde Exekutiboak asteartean egindako bileraren ondoren prentsaurrekoa eman du Oyarzabalek. Ordezkari popularrak hauteskundeen emaitzen balorazioa egin du eta Mariano Rajoy presidente hautetsiak Amaiurrekin ez dela bilduko esan eta gero piztutako polemikaz ere mintzatu da.
Oyarzabalek hauteskundeetan lortutako emaitzekin pozik agertu da, Patxi Lopezek legealdia amaitu arte bere alderdiak PSE-EE babesten jarraituko duela berretsi du, eta Alderdi Popularra 2013ko hauteskundeetan boto gehiago lortzen saiatuko dela gaineratu du.
PSErekin gustura ez dauden hautesleen eta "EAJren eta Amaiurren Gobernua nahi ez" duten abertzaleen botoa erakartzen saiatuko direla esan du Oyarzabalek. "Ez dugu herria erradikalenek zuzentzen utziko", esan du.
Rajoyk Amaiurrekin ez dela bilduko esandakoaren inguruan Oyarzabalek gaineratu du, hori ez dela "lehentasuna", garrantzitsuena krisi ekonomikoaren kontrako borroka dela azpimarratu du.