Itxi

2021/02/08

10:51

Politika

Ustelkeria

Barcenasen defentsak Mariano Rajoyrekin aurrez aurrekoa proposatu du

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Horrez gain, hainbat kazetarik lekuko gisa deklaratzea eskatu du Alvaro Lapuerta PPren diruzaina izandakoari egindako grabazioa frogatze aldera.

  • Luis Barcenas PPren diruzain ohia

    Luis Barcenas PPren diruzain ohia, akusatuen aulkian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Luis Barcenasek Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente izandakoarekin aurrez aurrekoa egiteko aukera proposatu du PPko diruzain ohiaren defentsak, epaiketan bien lekukotzen artean "kontraesanak" egongo balira.

Gaur hasi da, hain justu, Barcenasen kontrako bigarren epaiketa, PPren B kutxako diru beltzarekin ustez egindako ordainketa baten harira abiatutakoa. PPk Madrilgo Genova kalean duen egoitza berritzeko B kutxako 880.000 euro erabili izana egotzi diote Barcenasi. Epaiketa 10:00ak igarota hasi da Auzitegi Nazionalean.

Epaiketa horren aurretiazko izapideetan egin du proposamena Gustavo Galan Barcenasen abokatuak. Azaldu duenez, Rajoy akusazioek deituta arituko da lekuko gisa, eta defentsako abokatuaren asmoa da PPren buruzagi gorena izandakoa galdekatzeko aukera izatea.

Halaber, hainbat kazetari lekuko gisa deitzeko eskatu du Galanek. Hala nola, Francisco Mercado, Eduardo Inda, Ernesto Ekaizer eta Maria Luis Bernal. Lekukotzekin, Alvaro Lapuerta Barcenasen aurretik diruzain izandakoari egindako grabazio bat egon izan zela frogatu nahi du abokatuak. Antza, abokatuok entzun egin zuten grabazioa.

Audio hartan, zortzi minutuko iraupenekoa, Lapuerta hizketan entzuten da esanez PPko buruzagi ohi batzuei ordainketak egin zizkietela.

Barcenasen gutunak hauspotu du epaiketa

2013az geroztik Barcenasek izan duen bigarren eta azken epaiketa da gaur abiatu dena. Duela zortzi urte jakin zen Suitzan 48,2 milioi euro zituela gordeta, eta, Fiskaltzaren arabera, diru horren zati handi bat PPren B kutxatik lapurtu zuen.

Epaiketak joan den astean eman zituen lehen urratsak. Izan ere, Barcenasek gutun bat igorri zion asteazkenean Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzari, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente eta PPren buruzagi ohiak B kontabilitatea jasotzen zuen dokumentazioa suntsitu zuela jakinarazteko. Gutun horren bidez jakinarazi zuen Justiziari laguntzeko prest dagoela.

Gutunak zera dio: "Alderditik kanpo hitzeman zidaten nire emaztea kartzelatik aterako zutela, baina esandakoa bete ez dutenez eta huts egin didatenez, Justiziari laguntzeko prest nago orain".

Barcenasen mehatxua, beraz, aitorpen berriekin iritsiko da, dela epaiketa honetan, dela PPri zuzenean eragiten dioten beste zenbait aferatan ere.

Pixkanaka bidea eginez joan da Barcenas bere burua "babesteko". Hasiera batean, alderdiko enpresarien idatzizko oharrak eta kontabilitate ofizialean azaltzen ez ziren PPko buruzagiei emandako gainsoldatak erabili zituen arma gisa.

Azken pausoa, berriz, B kutxaren ustelkeria kasuan nahastutako pertsonen zerrendan izen berriak gehitzea izan da, tartean Mariano Rajoyrena. Azken honek lekuko gisa deklaratuko du epaiketan.

Aitorpen horien aurrean, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza eszeptiko azaldu da.

Beste hiru akusatu

Fiskaltzak 5 urteko kartzela zigorra eskatu du Barcenasentzat. Delitu fiskala egitea, dokumentuak faltsutzea eta horiek baimenik gabe erabiltzea leporatu dio, hain zuzen ere.

Gurtel auziagatik 29 urteko espetxe zigorra betetzen ari den Barcenasekin batera, Cristobal Perez PPko gerente ohiak eta Unifica enpresako arduradun Gonzalo Urquijok eta Belen Garciak ere deklaratuko dute epaiketan.

Lekuko gisa, Rajoy ez ezik, besteak beste, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia eta Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohia ere eseriko dira aulkian.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;