Politika -

Kataluniako hauteskundeak

Mahai asko osatu gabe geratzekotan, emaitzak igandean ez ematea aztertzen ari dira

Mahaiak igandeko 10:00etarako egon behar dira osatuta, baina jendea falta bada, bi egun geroago eratu behar dira. Emaitzak jakinarazteak asteartean bozkatu behar duten horien botoa baldintza dezake.

Hauteskundetako material guztia prest dute Katalunian. Argazkia: EFE
O14rako hauteskunde materiala.
Hauteskundetako material guztia prest dute Katalunian. Argazkia: EFE

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako bozetan, otsailaren 14an, hauteskunde mahai asko osatu gabe gera litezkeela-eta, emaitzak igandean ez kaleratzea aztertzen ari da Kataluniako Gobernua. Hala iragarri du Ismael Peña-Lopez Generalitateko Herritarren Partaidetzarako eta Hauteskunde Prozesuetarako zuzendari nagusiak.

RAC 1 irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, hauteskunde mahaiak 08:00etatik 09:00etara osatu behar dira, baina arazoren bat balego (mahaikide nahikorik aurkeztu ezean, adibidez), ordubeteko epea dute ordezkoak topatzeko.

Balizko arazo horiek aurreikusita, Bartzelonako Lurralde Hauteskunde Batzordeak ebatzi du arazo barik osatu diren hauteskunde mahaien ordezkoak hutsuneak dituzten beste mahaia batzuetara joateko aukera izatea.

Mahaiak osatzeko epea agortutakoan, 10:00etan, mahaia osatzeko kide nahikoa ez balego, mahaia "automatikoki geratuko litzateke bertan behera", eta 48 ordu geroago, "asteartean normalean", osatuko litzateke, gogorarazi du Peña-Lopezek.

Horrela, Generalitateko Hauteskunde Prozesuetarako zuzendari nagusiak aitortu duenez, igandeko 10:00etarako "mahai asko osatu gabe geratuko balira, arazo oso potoloa edukiko genuke".

Osatu bako mahaiak "asko" balira, emaitzak igandean jakinarazteak "asteartean bozkatu behar duten pertsonen botoa baldintzatuko luke", azaldu du Peña-Lopezek.

Aukera hori aurreikusi du Kataluniako Gobernuak, eta osatu gabeko mahaiak "asko" badira (ez du zehaztu zenbat izan beharko liratekeen) emaitzak ez jakinaraztea aztertzen ari dira. "Are gehiago, boto zenbaketa ez egitea ere pentsatu dugu, filtraziorik egon ez dadin", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Alderdi politikoak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Osasun albisteak Hauteskundeak Koronabirusa